Nerabeentzako zerbitzua, pandemia garaian ere martxan eta oso aktibo
Gazte Txokoa irekita dago, baina txanda hartu behar da. Kaleko jarduera eta gizarte sareak dira zerbitzuaren beste bi oinarriak. Nerabeak hezitzaileekin kontaktuan egotea da helburua
Urte nahasia da aurtengoa Legazpiko Nerabe Zerbitzuarentzat. Pandemiaren eraginez ez du erabat eten jarduera hilabete guzti hauetan, baina 12 eta 18 urte bitarteko gazteek erabili dezaketen lokala, Gazte Txokoa, itxita egon da tarteka.
Orain, edukiera gehiago murriztuta eta txandarekin, irekita dago berriz ere Gazte Txokoa. Nerabe Zerbitzuak gizarte sareen bitartez eta kalean burutzen duen jardueraren osagarria da lokalean garatzen dena.
Itxialdian, sare sozialetan
Alarma egoera ezarri aurrean, ateak itxi egin behar izan zituen Gazte Txokoak udalak hala erabakita, eta konfinamendua iritsi bitarteko egunetan kaleko lanean jardun zuten Nerabe Zerbitzuaren ardura daraman Lorratz elkarteko hezitzaileek.
Etxean geratzeko aginduarekin, kaleko jarduera ere bertan behera utzi behar izan zuten, eta zerbitzua telematikoki eskaintzen hasi ziren. Nerabe Zerbitzuko hiru zutabeetik bakarra geratu zen aktibo, eta gizarte sareetan jarri zuten indarra hezi- tzaileek orduan. Horretan abantaila zuten, aurretik ere lantzen zutelako alor hori nerabeekin harremanak izateko. Instagramam, Facebook eta Whats App kontuak martxan zeuden dagoeneko, eta horien bitartez lortu zuten herriko gazteekin kontaktuan jarraitzea. Yoga, sudokuak eta hizki zopak, liburu eta film proposamenak, errezetak… izan ziren loturak. Gazteek hezitzaileen erreferentzia ez galtzea zen helburua.
Ekainean egoera arindu zenean, hezitzaileen lana Gazte Txokora eta kalera itzuli zen. Lokala berriz ireki zen, edukiera murriztuta, baina udan kalean egin zuten lan gehien, batez ere Brinkola aldean, errekan bainatzera joaten zirelako gaztetxo asko. Ikasturtea hastearekin, klaseko sarrera orduetan joaten hasi ziren hezitzaileak, gazteei han daudela gogoratzeko.
Orain, txanda hartuta
Neguarekin, Gazte Txokoak hartuko du berriz ere indarra, baina bertara joateko txanda eskatu behar dute gazteek, edukiera murriztuta duelako.
Elkarrekin lagun giroan egoteko guneak, informatika eta ikus-entzunezkoen gelak, jokuak… denetik dute eskura nerabeek bertan, baita ekintzak ere. Azkenetakoa, azaroaren 25aren lanketa izan da. Josune Garcia, Josu Berraondo eta Nerea Muñoz hezitzaileak dituzte ondoan.