Sedimentuak mugiarazteko egiturak jarri ditu Ura agentziak Oria ibaian
GI-2131 errepideko zubian, Zubizarrako zubian eta Guadalupeko zubian egin dituzte lanak, Legorretako Udalarekin eta Foru Aldundiarekin hala hitzartu ondoren
Oria ibaiaren ur-emariak Legorretako zubien inguruan natural utzitako sedimentuak mugiarazteko, korrontea aldatzeko egitura txikiak ezarri ditu ohantzean Ura-Uraren Euskal Agentziak. Helburua da, etorkizunean legar eta agregakin metaketak gutxitzea, eta balio ekologiko handiko ingurune batean baliabide mekanikoekin behin eta berriz kendu behar ez izatea. GI-2131 errepideko zubian, Zubizarrako zubian eta Torreko edo Guadalupeko zubian egin ditu lanak Ur agentziak, Legorretako Udalarekin eta foru aldundiarekin hala hitzartuta.
Ur agentziak halako eskuhartzea egiteko aukera ona ikusi du Legorreta igarotzen duen Oria ibaiaren zatian. Agentziak berak argitu duenez, tartea ubideratuta dago sekzio hidrauliko nabarmen handi batez, eta, bertan, ibai-dinamikak berak ibaian berezkoak diren legar, agregakin eta sedimentuak utzi izan ditu. Denborarekin, ibilguan trinkotu egin ziren, bertan ernetutako landarediaren bai bertakoa, bai espezie aloktonoak laguntzaz.
Era berean, jarduketa honen xedea da ikustaraztea bateragarriak direla tarte baten aberastasun ekosistemikoaren zaintza eta bideratze edo zubi baten ahalmen hidraulikoa zaintzea, dragatzeetara jo gabe.
Jardueraren helburua ubidearen eta zubien sekzio hidraulikoa mantentzea izan da, ibaiaren dinamika naturala aprobetxatuz.
Horretarako, deflek- toreak, hots, korrontea aldatzeko egitura txikiak, erabili dira, ibaiak, aurrerantzean, sedimentuak ibaian behera garraiatzea errazteko. Beraz, sedimentuen mugikortasuna erraztu da, hartara, ahalmen hidraulikoa berreskuratzeko eta bitarteko mekanikoak erabili behar gabe. Ibai baten berariazko solidoak garraiatzeko eta sedimentatzeko dinamika natural etengabea aprobetxatu nahi izan da zubien ahalmen hidraulikoa gordetzeko.
Jarduketaren hasieran baino ez da beharrezkoa izan jada finkatuta dauden legarrak eta solidoak harrotzea, espezie inbaditzaileen mozketa eta garbiketa selektiboak egitea eta agregakinak ateratzea.
Legorretako Oria ibaiaren biodibertsitatea kontserbatzen laguntzen du jarduketak, bertan dauden espezie exotiko inbaditzaileak ezabatuz (itzaleko platanoak eta akaziak), eta arreta berezia jarri da tokiko ibaiertzeko basoko haltzak, lizarrak edo sahats zuriak kontserbatzean.
Espezioeen zaintza
Esku-hartzea bereziki zaindu behar izan da, bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) Interes Bereziko Eremutzat eta Kontserbazio Bereziko Eremu baten tartea (Oria Garaiko ES21200105 KBEa) baita: ibai-korridore ekologiko bat, baita ibaiertzetako haltzadi eta lizardi subkantauriarrentzako; maskara edo loinentzako (Parachondrostoma miegii), ibaietako arrain-komunitatea eta hegazti-faunarentzako — hala nola ur-zozoa (Cinclus cinclus) edo martin arrantzalea (Alcedo atthis)—ere, besteak beste.