Danborren ordez, balkoietako barandak aurtengo San Andres jaietan
Koronabirusak baldintzatutako jai egunak ospatzen ari dira Ormaiztegin. San Andres egunaren bezperan, ez-ohiko danborrada egin dute gaur, etxetik irten gabe.
Balkoiak baliatu dituzte oraingoan ere Ormaiztegin San Andres jaiak nolabait ospatu ahal izateko. Koronabirusak eragindako egoera dela-eta egitaraua guztiz moldatu beharra izan dute. Hala ere, ohiturei eutsiz, azaroaren 29an egin ohi den danborrada egiteko hautua egin dute. Bozgorailuak kalean jarri eta etxera joan dira ormaiztegiarrak. Apaindutako balkoietatik jo dute danborra, kozinatzeko egurrezko tresnak makilatzat hartuta. Auzo batzuetan zuzendariak ere egon dira, kaletik zein balkoitik danborrada gidatzen, Pedro Jaka eta Aurelio Magallanes, besteak beste.