Aldasoro eta Jauregi, Gipuzkoako burukide
Bi beasaindar daude Gipuzkoa Buru Batzarreko zuzendaritza berrian. Lau urteko iraupena du karguak
Aitor Aldasoro Iturbe eta Ion Jauregi Bereziartua beasaindarrak Gipuzko Buru Batzarreko burukide aukeratu dituzte. Jauregik kargua errepikatu egingo du baina Aldasororentzat lehen aldia izango da.
EAJtak igorritako oharrean dio GBBko zuzendaritzak “berritua” hartu duela. Hamalau burukidetatik bederatzi lehen aldiz izango dira. “eskarmentua duten andre-gizonek osatzen dute, parekidea da, euskalduna eta Gipuzkoa guztiko ordezkariak daude”. Datozen lau urteetan eutsiko diote karguari.
Joseba Egibar andoaindarra hautatu dute guztien buru, aho batez. “Behar beharrezkoa da errealitate berria gizarte-justizian, hazkunde ekonomikoan, elkartasunean eta askatasunean oinarrituz eraikitzea”, azpimarratu zuen kargua hartzerakoan egindako hitzaldian. Politika publikoen aldeko defentsa ere egin zuen. Autogobernu estatus berri bat ere aldarrikatu zuen: “zalantza egoera honek ematen digun beldurra eta paralisia gainditzeko beharrezkoa dugu baita ere autogobernu estatus berri bat partekatzea eta egia bihurtzea, Euskadiri eta bere erakundeei norabide politiko eta estrategikoa markatzen utziko diena, eta euskal herritarren eskubide politiko, ekonomiko eta sozialak nahiz hizkuntzari eta kulturari dagozkion eskubideak bermatu ahal izateko”.