Eguberrietan gehienez 10 laguneko taldeak elkartzea proposatuko du jaurlaritzak
Herrietatik ateratzeko debekua kentzea eta abenduaren 24ko eta 31ko gauean 01:00etarako etxeratzeko agindua eman nahi du.
LABIren Aholku Batzordeak Gabonetarako prebentzio-neurriak adostu ditu gaurko bileran, eta horiek Madrilgo Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluari helaraziko zaizkio. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak “gogorarazi du ondo goazela, baina ez gaudela ondo”. Sailburuak adierazi du ez ditugula nahastu behar bilakaera on bat eta egoera on bat. Zentzu horretan, aipatu du Gabonak ez dela “arriskurik gabeko” garaia, eta, horregatik, zorrotz jokatzearen alde agertu dira euskal erakundeak.
Gabonetako prebentzio-neurriei buruzko proposamenak.
– Prebentzioa. Maskara, distantzia, eskuen higienea, aireztapena handitzea, kontaktuen kopurua murriztea, eta bakarkako isolamendua COVID19-arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero.
– Erosketak. Behar diren erosketen zerrenda ahalik eta aurrerapen handienarekin planifikatzea eta aurreratzea. Denborak murriztea eta merkataritza-guneetan pertsonen pilaketak saihestea.
– Mugikortasuna. Joan-etorriak eta bidaiak murriztea, ezinbestekoa ez den guztian.
– Ospakizunak. Elkarrekin bizi ez diren pertsonen arteko bilkurak ahal den guztia murriztea edo ez egitea. Familia-ospakizunetan prebentzio-neurriak planifikatzea, pertsona kopuruari, distantziari, aireztapenari edo keinu afektiboak saihesteari dagokienez.
– Jende pilaketak. Mota guztietako pilaketak saihestea, bai kanpoan, bai barruan, eta bereziki espazio itxietan edo gaizki aireztatutakoetan.
– Gaueko jarduera mugatzea. Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen mugari eustea, 22:00etatik 06:00etara. Abenduaren 24an eta 31n muga hori 01:00ak arte zabaltzea. Luzapen horren helburua ohiko etxebizitzara joateko aukera errazteko baino ez da izango. Mugikortasun hori ez da baimenduko bestelako topaketa edo jaietarako, ez kalean, ez lokal pribatuetan.
– Jarduerak etetea. EAEn indarrean dagoen mugari eustea, 21:00ak arte hain zuzen ere.
– Pertsonen gehienezko kopuruak mugatzea. Bizikideak edo 6 pertsona, eta abenduaren 24, 25 eta 31ko eta urtarrilaren 1 eta 6ko ospakizunetarako gehienez 10 pertsonako taldeak baimentzea.
– Bilera edo ospakizun sozialak. Enpresen, ikasleen eta kirol-kluben bazkariak ez egitea. Egiten badira, gehienez ere sei pertsonako taldeetan egitea.
– Gabonetako ekitaldiak, pertsona asko biltzen dituztenak. Ekitaldi hauek bertan behera uztea: Gabon gaueko edo Errege bezperako kantu-taldeak; kanpaikadak, Santo Tomas edo antzeko jaiak; San Silvestre edo tankerako kirol-probak; kabalgatak edo mugimenduan egiten diren ekitaldiak, Olentzero eta Mari Domingirena, besteak beste.
Dendetako neurriak
Bestalde, erosketak seguruago egiteko eta dendetan jende pilaketak ekiditeko, ondorengo neurriak hartu ditu jaurlaritzak:150 metro karratutik gorako instalazio eta lokalek edukieraren ehuneko 60 baimendu beharko dute gehienez. Merkataritza-guneetan edukiera hori bera aplikatuko da solairu eta saltoki bakoitzean, bere merkataritza-azalera alde batera utzita. 150 metro karratutik bitarteko azalera duten establezimenduetan, gehieneko edukiera ehuneko 75ekoa izango da.