Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizun berria
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 'Amaren intxaurrak' ikuskizun berria aurkeztu dute. Ohitura duten moduan, Legazpiko ikasleen aurrean egin dute aurrestreinaldia.
Urteak dira Pirritx, Porrotx eta Marimots pailazoek euren ikuskizun berria estreinatu aurreko lehen saioa Legazpin egiten dutela. 2000. urtean hasi ziren, eta harrezkero, Legazpiko ikasleek primizian ikusi ahal izaten dute Euskal Herriko pailazorik ezagunenen obra berria. Aurtengoa ere ez da salbuespena izan, nahiz eta egoera berrira egokituta egin behar izan duten.
Joan den asteazkenean egin zuten Amaren intxaurrak ikuskizunaren aurrestreinaldia, Domingo Agirre eta Haztegi ikastetxeetako ikasleen aurrean. Heriotzaren eta doluaren gaia landu dute obra berri honetan. «Haurrak ere ukitzen duen gaia da heriotzarena, senideak direla, aiton-amonak, gurasoren bat, haurrak ere hiltzen dira… landu beharra dago». Hala azaldu du Joxe Mari Agirretxe Porrotxek. Kantuen, jolasen eta intxaurrondo baten bidez, Loreto, Marimototsen ama agurtuko dute.