Euskararen abenduan, uzta
Euskararen nazioarteko eguna etzi ospatuko da, eta ahitzera joko du Euskaraldiak ordutik. Asteburuan ekitaldi batzuk izango dira. Datuak itxi gabe direnean, 10.300 lagun partaide
Bigarren astean da Euskaraldia. Euskararen nazioarteko eguna etzi ospatuko da, eta herri gehienetan data hori hartu dute amaierako ekitaldiak egiteko. Jende bilketa handirik ezin denez, lehiaketen sari emateak, bertso jaialdiak edo mintzodromoa baliatuko dute egunari dagokion ukitua emateko.
Bigarren Euskaraldiak, partaidetzan ere, ez dirudi 2018ko kopuruak harrapatu dituenik. Ekimenaren koordinatzaile nagusiek oraindik ez dituzte azken parte-hartze datu ofizialak bidali, herriz herri eskuz hartutako izenak batzea falta zaielako. Internetetik izen emandakoak, 10.307 lagun izan dira Goierrin: 8.752 ahobizi eta 1.555 belarriprest. 2018an, 12.002 goierritarrek parte hartu zuten (9.711 ahobizi eta 2.291 belarriprest).
Azken datu ofizialen zain, gauza bat esan liteke ziur: maila instituzionalean eta udalerrika, Euskaraldiak aurten lortu duela orain bi urte hutsuneak betetzea. 2018an, lau herritan ez zuten batzorderik antolatu, eta udalerri bezala ez ziren sartu euskararekiko ohitura herdoilduak aldarazteko dinamikan. Aurten, Goierriko 23 udalerriek jarri dute aletxoa.
Olaberrian, bideoa
Euskaraldiaren karira, sustapen bideoa grabatu dute Olaberrian, herritarrekin. Bost minutu eta erdiko spot-ean, hiru olaberritarren testigantzak azaltzen dira, euren artean oso bestelakoak. Joxe Tejados sei urte zeuzkala etorri zen familiarekin, Albaceteko Lezuza herritik (Espainia). «Guretzat, euskaltegi onena Ataungo Aiara ailegatzea izan zen. Berehalaxe ikasi genuen euskaraz. Nahiz eta nire ama hizkuntza ez izan, betidanik sentitu izan dut bizitza euskaraz egin behar nuela hemen, nahi eta nahiez».
Fatma Elbarazi ez da oraindik euskaldundu. Lau urte darama Euskal Herrian, eta seme-alabek aise egiten dute. «Besteek nire kultura eta erlijioa errespetatzea gustatzen zaidan moduan, nik ere errespetatzen dut euskal kutura eta hizkuntza, euskara».
Hirugarren zutabea Ane Etxezarreta da bideoan, euskara sehaskatik hartu duena. «Beharbada orain arte ez diot behar adinako garrantziarik eman hizkuntzari. Nik euskaraz hitz egiten dut egunerokotasunean, eta normaltzat hartzen dut. Olaberrian, euskara gure artean elkartzeko eta olaberritar guztion elkargune izan daitekeela konturatzen hasi naiz».
Herenegun, Euskarak batzen gaitu ekitaldia egin zuten, Olaberriko elizan. Testu errezitaldiak, bideoaren proiekzioa, Jon Maia bertsolaria, eskolako haurren koreografiaren proiekzioa, eta abesti saioa izan zituzten.
Aste osoan jarraituko du Goierrik euskara muin duten gaiekin.
ASTEKO EKITALDIAK
· Ataun. Euskararen Eguneko bizipenen eta desioen horma osatzea. Kopla kantaldia. Etzi, 18:00etan, San Martingo plazan.
· Beasain. Mintzodromoa. Etzi,18:30ean.
· Gabiria. Herriko bertsolarien saioa: Euxebio Igartzabal, IñakiMurua, Gorka Maiz, Endika Igartzabal eta Aratz Igartzabal. Larunbata, 19:00etan, elizan.
· Idiazabal. ‘Aldaize’-ren bideo lehiaketako sari ematea. Etzi, 18:00etan, Guraso Elkartean. Euskaraldiaz irratsaioa Zirika Irratian; larunbata, 13:00etan.
· Lazkao. Nerea Arriolaren ‘Txor-Txor’ bakarrizketa. Bihar, 19:00etan, Arerian (2 euro, lazkao.eus-en).
· Legazpi. Amaierako ekitaldia. Ipuin laburren sariak. Etzi, 18:30, Latxartegin. Gonbidapenak kultur etxean, gaur-bihar (16:00-19:00). Selfie argazki bidalketa.
· Ordizia. Amaierako ekitaldia. Ariguneei omenaldia eta bertso saioa: Amets Artzallus, Ane Zuazubiskar, Eneko Araiztegi, Maialen Akizu. Ostirala, 18:00etan, herri antzokian.
· Urretxu-Zumarraga. ‘Euskañolitis’ bakarrizketa, OihanVega. Osteguna, 19:00etan, Labeagan.
· Zaldibia.‘Euskara eta klase sozialak’ hitzaldia, Paul Beitiak eta Aitor Bizkarrak. Ostirala, 18:30ean, antzokian. ZGA eta GKSk antolatuta.
· Zerain. Euskararen aldeko mezuak faroltxoetan aireratzea. Osteguna, 18:00etan, plazan.