Goierri alerta gorritik irten da
Eskualdeak 100.000 biztanleko 352 gaixoko intzidentzia tasa du. Ordiziak besterik ez du 500 laguneko langa gainditzen herri nagusienen artean. 80 lagun hil dira birusak jota
Goierriko intzidentzia tasa 351,86 lagunekoa da. Hortaz, jada ez dago eremu gorrian. Eskualdeak ia bi hilabete egin ditu 500 laguneko mugaren gainetik, baina azken bi asteetan positibo berrien kasuek behera egin dutenez, intzidentzia tasa jaitsi egin da. Orain alerta laranjan dago.
246 kasu atzeman dira azken hamalau egunetan. Urruti gelditu dira azaroko lehen bi asteetan izandako 500 kasu aktiboak. Goierriko zortzi herrik Altzagak, Aramak, Ezkiok eta Itsasok, Gaintzak, Itsasondok, Mutiloak, Olaberriak eta Zerainek ez dute COVID-19 kasu bakar bat ere izan azken bi asteetan eta Lazkaon, Ormaiztegin, Seguran eta Zegaman astebete daramate positiborik gabe. Herririk handienetan pilatu dira kasu berriak, baina jarioa aurreko asteetan txikiagoa da. Zumarraga irten da eremu gorritik asteburu honetan eta Ordizia besterik ez da gelditzen eremu gorrian. Gabiriak ere gainditzen du 500 gaixoetako langa, baina 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez lagina txikiegia da neurgailuek sinesgarritasuna izan dezaten.
Zumarragako Ospitaleak estaldura ematen dio Urola Garaia-Goierri osasun eremua ere irten da eremu gorritik. 440 gaixoetakoa da orain intzidentzia tasa, aurreko astean baino 222 lagun txikiagokoa. Euskal Autonomia Erkidegoak ere atzean utzi du alerta gorria (464,3), nahiz eta Gipuzkoako inzidentzia tasa altua den (606,4).
Pandemia txikitzen ari den arren agintariek ez erlaxatzeko eskatu dute. «Ondo goaz, baina ez gaude ondo», dio Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak. «Intzidentzia tasa lasaigarrietatik urrun gaude», gaineratu du.
Heriotza gehiago
Bost goierritarrek bizia galdu zuten pasa den astean COVID-19ak erasanda. 80 goierritar dira hildakoak pandemia hasi zenetik. Gaitzak %2,5eko hilkortasun tasa du eskualdean, gutxi gorabehera.