Jose Mari Lasa plazakoa izango da 2021eko obra garrantzitsuena
Urretxuko Udalak 9,24 milioiko udal aurrekontua onartu du datorren urterako. Nahiz eta pandemia jasaten ari, aurtengoa baino %1,68 txikiagoa izango da soilik
Urretxuko Udalak 9.247.105 euroko aurrekontua onartu du, EAJren aldeko bozkekin. EH Bilduk aurka bozkatu du eta PSE-EEk abstentzioa eman du. Pandemia bizi dugun arren, aurrekontua ez da asko txikitu: 2021ekoa aurtengoa baino %1,68 txikiagoa izango da. 2021eko obra garrantzitsuena Jose Mari Lasa plazaren berritzea izango da, baina 2020ko soberakinarekin egingo da.
Itziar Agirre Ogasun zinegotziak sarrerak kalkulatzeko orduan inoiz baino kontu handiagoz ibili direla aipatu zuen. Beti bezala, diru sarrera nagusia foru funtsa izango da. 4,5 milioi jasotzea espero da. Zergak eta tasak izoztu egin diren arren, sarreren %15 suposatuko dute.
Aurten ez da etxegintzatik eratorritako ez ohiko sarrerarik egongo, baina udalak 225.000 euro jasoko ditu Telleria enpresak Irimo zenaren lursailean egingo duen lantegi berriagatik (eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergagatik).
Ziurgabetasun egoera dela eta, udalak zuhur jokatzea erabaki du. Hala, Kreditu Orokorra izeneko partida bat sortu du. Aurrekontu-sail horren helburua urtean zehar sortzen diren ustekabeko beharrei aurre egitea izango da. Kreditu Orokorra delakoa ezin izango da aurrekontuaren %5 baino handiagoa izan.
Inbertsioei dagokienez, aurtengo soberakinarekin Jose Mari Lasa plaza berrituko da eta kamioi bat erosiko da brigadarentzat. Egungoak 20 urte ditu dagoeneko eta azkenaldian matxura asko izan ditu. Jose Mari Lasa plazako obra egiteko 550.000 euro erabiliko dira eta kamioia erosteko 150.000 euro. 700.000 euro hauek soberakinetik hartuko dira.
Gainontzeko inbertsioen berri Igor Zubillaga zinegotziak eman zuen. 2012eko aurrekontuko 846.200 euro bideratuko dira inbertsioetara: aurten baino %12,40 gutxiago.
Zubillagak agintaldiko hiru egitasmo nagusiek martxan jarraitzen dutela esan zuen: Jose Mari Lasa plazatik Laket taberna pareko aparkalekura doan eremuaren zaharberritzea, Aspaceren egoitza pasiotarren komentura eramatea eta aipatutako komentuan adinekoentzako apartamentuak egitea eta alde zaharra biziberritzea.
Pasiotarren komentuko lanak 2021ean hasiko dira. Aurrekontuko 200.000 euro bideratuko dira lan horietara.
Obra txikiak
Gainontzeko inbertsioak txikiagoak izango dira: kultur eta kirol azpiegituretan hobekuntzak (80.000 euro), espaloien konponketa (50.000), hiri-altzarien berrikuntza (12.000), saneamendu sarearen hobekuntza (6.000), auzoen zaharberritzea (36.000), haur parkeen berritzea (30.000), Gainzuri ikastetxeko instalazioen hobekuntza (26.000), haurreskolan hobekuntzak (3.000), mendiko lursailetan inbertsioak (25.000), asfaltatze lanak (20.000), argiteriaren berrikuntza (40.000), baserri bideen konponketa (20.000), bigorriaren konponketa eta hobekuntza (35.000).
Horretaz guztiaz gain, 50.000 euro bideratuko dira Hirigintza Plana aurrera ateratzeko bete beharreko izapideetara.