Trafikoan aldaketak, arriskuak txikitzeko
Barrendain plazako eta inguruetako trafikoa moldatu egin dute gaurtik aurrera, proba moduan. Tren geltoki pareko biribilguneko trafikoa murriztea da asmoa, arriskuak gutxitzeko
Beasaingo Udalak Barrendain plazako eta inguruetako trafikoa aldatu egin du. Nafarroa Etorbidetik Trenbide kalerako noranzkoko erraila moztu egin dute eta Garmendia Otaola kaleak noranzko bakarra du, goranzkoa. Hau da, Garmendia Otaola eta Oriamendi kaleetako bidegurutzean ezin da behera egin, Barrendain plaza aldera, eta autoek ez dute tren geltoki pareko biribilgunea inguratuko; Barrendain plazatik datozen autoen ezingo dute biribilgunean noranzkoa aldatu. Beste bi aldaketa ere sartu dira indarrean. Mendeurren Etorbidea kaleko noranzkoa aldatu egin da eta Zapatari Kaleko bidegurutzean ezkerretara biratzea debekatu egin da.
Barrendain plazako trafikoa arintzea da asmoa. Bertan elkartzen ziren Trenbide kaleko, Barrendain plazako, Nafarroa etorbideko eta Garmendia Otaola kaleko errepideak eta Nafarroa etorbideko bidegorria eta espaloia. Beasaingo Udalaren esanetan biribilgunea “puntu beltz nabarmenena” da, “arrisku handiko gunea da pertsonentzat”, eta segurtasuna areagotzeko autoek ingurua ez gurutzatzea nahi dute.
Proba besterik ez da
Udalak aipatu du aldaketak behin behinekoak direla, “zein eragin duten ikusteko”. Duten kostua “urria” dela azpimarratu dute. “Herriko gune ezberdinetan eta auzoetan hobekuntzak egiteko xedearen baitan hartutako erabaki honekin, herritarren beharrei egokitutako Beasain atseginago, erosoago, irisgarriago eta finean seguruago eta bizigarriagoa eraikitzen jarraitu nahi da”.