Indarkeria matxista gogoetagai izango dute
Legorretako Udalak eta talde feministak indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa egingo dute. Abenduaren 13an hasita, sei saio egingo dituzte, Arremanitz kooperatibak gidatuta.
Indarkeria matxistaren inguruan legorretarrek hausnarketa egin eta Azaroaren 25aren harira herrian antolatu dituzten ekimenen bueltan gogoeta egiteko prozesu bat abiaraziko dute Legorretako Udalak eta talde feministak elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta herriko eragileen babesarekin. Horretarako, sei saio egingo dituzte eta horiek dinamizatzen Arremanitz kooperatiba izango dute bidelagun. Abenduaren 13an ekitea da asmoa.
Prozesu horren barruan saioetako batzuk mistoak izango dira, beste batzuk berriz ez, hau da, gizonezkoek eta emakumezkoek banatuta egingo dute edukien lanketa. Besteak beste, saio hauetan indarkeria matxistak ulertu eta hezurmamituko dituzte, esperientziak entzun eta elkarren ikuspegiak jaso, indarkeria egoeren aurrean ohiko jokabideak aztertu, erreparazioaren bidetik landu diren kasu batzuk aztertu, eta aurrera begirako urratsak zirriborrotu. Indarkeriaren aurren legorretarrek zer egin dezaketen galderari erantzuten saiatuko dira.
Sei saio egitea aurrikusi dute, lehena datorren abenduaren 13an, astelehena, eta hurrengoak 2021 urtean zehar. Bai saio kopurua eta baita hauen bestelako nondik norakoak parte hartzaileekin hitzartuko dira, hau da, ez da egitura zurrun bat, partaide guztien artean eta denen behar eta ahaletara egokitua izatea nahi dute.
Lanketan parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du aldez aurretik. Udaletxean egin daiteke, edo berdintasuna@legorreta.eus epostara idatzita.