«Legazpiarrek nire liburua irakurtzea gauza handia da»
Sorpresaz hartu dute legazpiarrek Juan Mari Irazustabarrenak (Legazpi, 1963) argitaratutako autobiografia. Liburuak arrakasta izan du, eta euskarazko bertsioa ari da idazten orain, hori ere kaleratzeko.
Herrian ezustekoa eman duzu.
Bai, hala da. Eta niretzako ere sorpresa izan da harrera, baita editorearentzako ere. Lehen aldiz idazten duen batek 50 liburu saltzen baditu, pozik geratzeko modukoa dela esan zidan, baina 200dik gertu dago nirea. Eta nire liburua irakurtzen hainbeste legazpiar jartzea, gauza polita da.
‘Esta aqui, no esta en el futuro’ da izenburua eta autobiografikoa da. Lehen liburua al da?
Ikasle garaian idazlan lehiaketa batzuk irabazi nituen, eta beti izan dut koaderno bat hartu eta gertatzen zaidanaren inguruan idazteko ohitura. Liburu bat ere idatzi nuen soldadutzan, 19 urte nituela. Espainiako armadaren aurka hasitako bataila bat edo zen, eta kajoi batean gordeta dago. Gerora ez dut denborarik izan idazteko, duela gutxira arte neure enpresa izan dudalakoa eta beti lanean ari nintzelako.
Azkenean lortu duzu idazteko behar zenuen denbora hori.
Bizitzak beste egoera batera eraman ninduen, eta orduan astia banuela ikusita, zerbait idazten hasteko momentua zela pentsatu nuen, eta hala hasi nintzen. Idatzi, eta argitaratu gainera.
Bai, lau urte eta gehiagoren ondoren. Ez nuen argitaratzeko asmorik, eta Virginia Haurie idazle argentinarrak animatuta egin dut. Liburuaren erdi parean nengoela ez atzera ez aurrera geratu nintzen, eta Internet bidez biografiak nola idatzi erakusten zuen haren liburu batekin egin nuen topo. Liburua erosi eta behin eta berriz irakurrita, lortu nuen aurrera egitea, eta hura eskertzeko e-mail bat bidali nion. Virginiak erantzun egin zidan, eta liburua bidaltzeko eskatu zidan, irakurri egin nahi zuela. Irakurtzen ari zela telefonoz deitu zidan, eta gustatzen ari zitzaiola esan zidan. Aldaketatxo batzuk egiteko aholkatu, eta haiek eginda argitaratzeko prest egongo zela esan zidan. Ni hasieran ezezkotan nengoen, baina azkenean hiru argitaletxeetara bidali nuen. Vive Librok erantzun zidan, eta aurrera egin nuen.
Nolako prozesua izan da argitaratzearena?
Hori mundu bat da, baina nik uste nuena baino errazago izan da. Urtarrilean hasi ginen, eta martxorako dena prest genuen. Aurkezpena egin behar genuen martxoaren 20an Madrilen, argitaletxea hangoa delako, baina bertan behera geratu zen, baita hemen egin behar genuena ere. Aurrerago egingo dugu zerbait.
Aurkezpenik gabe, baina liburuak hartu du bere martxa.
Bai, eta ondo doa. Legazpiko liburu dendetan ondo ari da saltzen, eta Interneten ere bai, Casa del libro, Amazon edo Corte Inglesen. Liburua eskatu ahala egiten dute, espresuki egiten dute eta 8-10 egun itxaron behar da.
Zer diote irakurleek?
Orain arte inork ez dit ezer txarrik esan. Batzuk emozionatu egin direla, 92 urteko batek eskola garaitik nire liburua hartu arte irakurri gabe zegoela eta asko gustatu zaiola… Denak kontu onak dira, eta kalean zoriontzeko ere gelditu naute.
Zeri buruzkoa da?
Autobiografikoa da, nire bizitzako pasadizoak eta aholku batzuk tartekatuta. Adin guztietako irakurleentzat dela esan daiteke, nire ume garaiko gauzak ere kontatzen ditut, eta txikitan ikasterik ez nuenez, adibidez, gaztetxoei ikasteko esaten diet.
Zein da argumentua?
Bolada batean burua beteta nuela nenbilen, lana zela eta, eta medikuarengana joan eta bornout sindromea ote nuen esan zidan. Handik tiratzen hasi nintzen, gaixorik dagoen gizon baten paperean jarrita. Psikologoarengana joaten naiz, eta sendatzeko nire bizitza aletu behar dudala esaten dit, hasi haurtzarotik gaur egunera arte.
Pasarte gogorrak jaso dituzu.
Bai, gogorrena istripu batean lurperatuta geratu nintzenekoa da. Bizirik baino gehiago hilda ikusi nuen nire burua orduan eta hura ahalik eta ondoen kontatzen saiatu naiz.
Esan daiteke biluztu egin zarela irakurleen aurrean.
Virginiak esan zidan zer sentituko nuen nire gauza intimoak horrela kontatzean. Liburua ateratzean, euforiko egongo nintzela esan zidan, eta hilabetera, kalean geratzen nindutenean edo nire liburuaz hitz egiten ari zirela konturatzean, biluzik sentituko nintzela esan zidan. Eta bai, sentimendua hori da. Eskerrak harrera ona izan duen.
Aurrera begira jarrita, beste proiektu bat duzu orain.
Euskarazko bertsioarekin ari naiz. Liburu honekin bezala, koadernoan idazten dut lehenengo eta gero ordenagailura pasatzen dut. Orain ikasi dut, baina hasieran borroka gogorra izan nuen ordenagailuarekin. Eta aurreragorako badut beste proiektu bat, nobela bat.
Zergatik idatzi duzu gaztelaniaz?
Euskalduna naiz, baina eskola gazteleraz eman nuen, eta xamurrago idazten dut hala. Baina euskarazkoarekin gogoz ari naiz.
Zer eman dizu liburu honek?
Idazten egon naizen bitartean, barrutik hustu egin naiz, lasaitasun handia sentitu dut. Eta gero, liburua kalera atera denean, poza. Jendeak nire liburua irakurtzea gauza handia da.