'Toledoko Itunari ez!' lemapean mobilizazioak deitu dituzte Goierrin
Euskal Pentsiodunen Mugimenduak egin duen deialdiarekin bat egin dute Goierriko Pentsiodunek. Larunbaterako deialdia dute, Ordizian eta Urretxun eta Zumarragan
Pentsio duinak eskatzeko elkarretaratzeak egin zituzten astelehenero moduan, Ordiziako Plaza Nagusian, eta Urretxuko eta Zumarragako Areizaga-Kalebarrenen, Goierriko Pentsiodunek deituta. Euskal Pentsiodunen Mugimenduak egin duen deialdi berri bat iragartzeko ere baliatu dute asteroko hitzordua. Euskal Autonomia Erkidego osorako deialdia izango da. Goierrin ere deitu dituzte mobilizazioak. Goierri behean, Ordiziako Plaza Nagusia izango da elkargunea. Urretxun eta Zumarragan, berriz, Areizaga-Kalebarren plazan. Toledoko Itunari ez! lemapean, abenduaren 5ean, larunbata, 12:00etan, elkartuko dira.
Iragan azaroaren 19an, Toledoko Itunaren gomendioak hirugarrengoz berritu zituen Madrilgo Diputatuen Kongresuak, eta Euskal Pentsiodunen Mugimendua ez dator bat Kongresuak hitzartutakoarekin, uste baitute Toledoko Itunaren gomendioek agerian utzi dutela «gezur handia dela Gizarte Segurantza publikoa defendaezina dela», eta ikusten dela «sistema mantentzeaz bestelako helburuetarako erabili direla funtsak».
Era berean, «ofizial egiten da pentsioen igoera KPI errealarekin lotuta egongo» dela, baina gomendio horiek «desabantaila asko» dakartzate pentsiodunen ustez: «27/2011 eta 23/2013 legeek sartutako murrizketak finkatu egiten dituzte; ez dute aipatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatu behar denik, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen bezala». Bestalde, alarguntza pentsioari buruzko gomendioak «etorkizunean okerragotu egingo dute emakume askoren egoera, eta handitu egingo da genero-arrakala». Honela, alarguntza pentsioa, bikoteari dagokion %100 eskatzen dute. Era berean, «etorkizuneko pentsioak murrizteko diseinatuta dagoen Iraunkortasun Faktore mantentzen dute, hau da, urte batzuk ondoren, tarteka, pentsioak jaisten joatea; ez dago argi koefiziente murriztaileak baliogabetzen diren edo, gutxienez, murrizten diren 40 urte edo gehiagoan kotizatzen aritu eta gero enplegua galdu zutenarentzat». Pentsio-funtsak sustatzen dituztela ere uste dute, «pertsona eta diru-sarrera handienak dituztenei mesede egiten diotenak, zerga-desgrabazioak eginez, ahuldu egiten da Gizarte Segurantza Publikoa, finantza botereen mesedetan».
Pentsioen sistema publikoaren erreforma hau dela eta, Goierriko Pentsiodunak bat datoz Euskal Pentsiodunen Mugimenduak dioenarekin: «Gomendioek planteatzen duten moduan erreforma hau baztertu egin behar da».
Erreforma hau ez onartzeko arrazoiak ere eman zituzten: «Genero arrakala gainditzea alde batera uzten du berriz ere, nahiz eta emakumeek funtsezko eta ezinbesteko zereginak betetzen jarraitzen duten, bizitzari, gizarteari eta jarduera ekonomikoari berari eusteko; belaunaldien arteko etena eta gatazka sortzen du, eta hainbat arau eta eskubide sortzen ditu; eta azkenik, lan-segmentazioak eta prekarietateak areagotu egingo dira erretiroan, soldata, pentsio eta diru-sarrera prekarioak izango direlarik».
Desadostasunak adierazteko eta Pentsio Sistema Publikoa defendatzen jarraitzeko, herritar guztiei mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu diete Goierriko Pentsiodunek.