Aurten ere, Olentzero
Abenduaren 6an iritsiko da Mirandaolara, Lenbur Fundazioaren eskutik. Legazpiren mugakide diren herrietako haurrentzako bisitak dira. Mugikortasuna berreskuratuz gero, saio gehiago
Lenbur Fundazioak gonbidatuta, eta COVID-19ak ezarritako ia muga guztiak gaindituta, Olentzero Mirandaolara etorriko da aurten ere. Asteburuan iritsiko da, abenduaren 6an, eta goizez eta arratsaldez egongo da Legazpirekin mugakide diren herrietako haurrekin.
Irailaren erdialdean hasi zen Lenbur aurtengo Olentzero kanpainarekin lanean, eta urriaren bukaerarako 5.000 lagunek izena emanda zuten dagoeneko. Baina pandemiaren bilakaeraren ondorioz agintariek ezarri zituzten mugikortasun murrizketak zirela eta, azarorako prestatutako bisitak bertan behera utzi behar izan zituzten.
Abenduaren 6an
Abenduari begira, ordea, Legazpi ondoko herrietako familiei Olentzerorekin egoteko aukera ematea erabaki dute Lenburrekoek, eta igande honetan bertan, abenduaren 6an egingo dituzte lehen saioak, goizez eta arratsaldez, segurtasun neurri guztiak hartuta. Hala, edukierak murriztu dituzte Euskal Burdinaren Museoan eta burdinolan, eta txanda bakoitzean 30 lagun izango dira bakarrik. Familia burbuilak mantenduko dira gainera, eta burdinolan, Olentzerorekin egoteko bakarka sartuko dira familiak.
Abenduaren 19ko eta 20ko asteburuan ere Olentzero saioak egongo dira, baina oraingo neurriek martxan jarraitzen badute bakarrik, asteburu horretarako izena emandako gehienak legazpiarrak baitira. Abenduaren 12, 13, 21, 22 eta 23ko saioak, berriz, ez daude erabakita, egun horietarako mugikortasuna berreskuratzea ezinbestekoa baita.