Euskararen Egunaren oihartzunak entzun dira Goierrin
Ospakizun handietarako aukerarik ez dagoenez, ekitaldi xumeekin gogoratu da eskualdean gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna dela. Ikastetxe gehienetan egin dituzte ekintzak.
Pandemiak eta Euskaraldiak markatutako Nazioarteko Euskararen Egunak izan du oihartzuna Goierrin ere, eta ospakizun handietarako aukerarik izan ez bada, ekitaldi xumeak zabaldu dira eskualde osoan zehar, batez ere ikastetxeetan.
Zaldibian, esaterako, Lardizabal herri eskolakoko ikasleak kalera atera dira eta euskal abestiekin eta dantzekin konpartitu dute euskararen egunaren ospakizuna herritarrekin.
Legazpin, bestetik, Domingo Agirre eskolako ikasleek ikastetxean bertan izan dituzte ekintzak aste osoan, eta gaur, txikienek, musika irakasleen laguntzarekin abestu eta dantzatu dute Arantzazuko eskoletan goizean; arratsaldean, Mihiluze lehiaketan aritu dira ikasle zaharragoak. Haztegi ikastolan, berriz, ez dute klaserik izan baina eguna euskarekin zerikusia duten herriko txokoak ezagutzeko baliatu dute goi mailetako ikasleek besteak beste.
Urretxuko Gainzuri eskola publikoan ere ospatu dute Euskararen eguna, eta tailerrak, pelikula emanaldiak eta beste hainbat ekintza izan dituzte egun osoan zehar.