Belakok, Xabi Solanok eta Nogenek Zumarragan joko dute
Zumarragako Udalak Eusko Jaurlaritzaren Beste bat! egitasmoarekin bat egin du, eta sei kontzertu egingo dituzte Zelai Arizti aretoan.
Eusko Jaurlaritzak Beste bat! zuzeneko arteen zirkuitua antolatu du eta Zumarragako Udalak egitasmo honekin bat egin du. Hala, abenduaren 23tik otsailaren 25era bitartean sei emanaldi egongo dira Zelai Arizti aretoan.
Abenduaren 23an Belako pop-rock talde bizkaitarrak joko du, abenduaren 26an Goikogela taldeak gospel kontzertua egingo du, abenduaren 28an Kantukolore taldeak haurrentzako ikuskizuna egingo du, urtarrilaren 7an Travellin’ Brothers taldeak jazz eta blues kontzertua eskainiko du, otsailaren 13an Xabi Solano eta Kimua dantza taldearen ikuskizuna egongo da eta otsailaren 25ean Nogen folk-pop taldeak joko du.
Kontzertu guztiak 19:00etan hasiko dira, haur ikuskizuna salbu. Azken hau 16:30ean hasiko da. Haurren ikuskizuneko sarrerek 5 euro balio dute eta gainontzekoek 10 euro.
Jaurlaritzak kultura eta sormena bultzatzeko antolatu du zirkuitu hau. Zumarragako kontzertuak atzo aurkeztu zituzten. Mikel Serrano alkateak Zumarragak kulturaren aldeko apustua egin duela esan zuen. «Kultura kontsumitzea nahi dugu eta horretarako punta-puntako taldeak ekarriko ditugu. Aurrekontua 40.000 eurokoa da. Jaurlaritzak 30.000 jarriko ditu eta udalak 10.000». Zumarragari sei kontzertu zegozkion gehienez eta seiak hartu ditu.