Diako langileek segurtasun handiagoa eskatu dute
Beasaingo eta Ordiziako langileek ordubeteko lan uztea egin dute goizean. Arratsaldean beste ordubeteko geldialdia egingo dute. Segurtasun arazo larriak dituztela salatzen dute eta zuzendaritzak kasurik ez diela egiten
Beasaingo eta Ordiziako hiru Dia supermerkatuetako dendariak lan uzteak egiten ari dira azken asteetan pairatzen ari diren “segurtasun arazo larriak” salatzeko. “Egunero jasaten ditugu liskarrak. Iraindu egiten gaituzte, mehatxatu eta lapurtu”, adierazi dute. Tabernak itxi zituztenetik bereziki, gazte kuadrillak istilu bila joaten zaizkiela aipatu dute. Talde handian joaten dira, inolako segurtasun neurrik gabe eta lapurretan egiteko asmoarekin. “Erasotuak izateko beldurra dugu eta babesgabe sentitzen gara”, gaineratu dute.
ELA sindikatuak adierazi du behin baino gehiagotan eman diotela zuzendaritzari arazoaren berri baina ez dutela erantzunik jaso kexu dira. “Diari ez zaio axola langileen segurtasuna”, azpimarratu dute. Segurtasun kamerak eta zaintza zerbitzua jartzeko eskatu dute. Ertzaintzak gaizkileak bertan atxikitzeko esan ohi diete, baina langileak gutxiago direnez eta egoera gehiago gaiztotzeko beldur direnez, ezin izaten diete aurre egin.
Bizpahiru langileko lan-taldeak izaten dira txanda bakoitzean. Langileek denbora daramate gutxiegi direla eta lan karga handiegia dutela salatzen. Prekarietateari segurtasun eza gehitu behar zaio orain. “Egoerak hala jarraitzen badu ez dugu protestan jarraituko dugu. Lan uzte handiagoak egitea ez dugu baztertzen”, ohartarazi dute. Donostiako eta Legazpiko Diako langileekin harremanetan daude presio gehiago egin ahal izateko.