Kaleak eta tokiko ekonomia suspertzeko asmoarekin dator 'Ordizia Zabalik'
Zazpigarrenez abiarazi dute laguntza programa, aurreko ekitaldietan izandako emaitza positiboengatik. Eskaerak egiteko epea zabalik dago datorren abenduaren 11ra arte
Ordiziako Udalak Ordizia Zabalik laguntza programaren deialdi berria ezagutzera eman du. Ordizia Zabalik, belaunaldien arteko erreleboei, negozio berritzaileei eta ekintzaileei orokorrean zuzendutako laguntza programa da, helburu nagusia delarik, merkataritza lokal hutsak berreskuratzea, pertsona ekintzaileen bidez, eta baita belaunaldi txikietan belaunaldien arteko erreleboari erantzuna ematea.
Ordiziako Merkataritza Eraberritze Plan Bereziak jasotzen duen jarduketa ildoetako bat zen, Ordiziako merkataritza eta ekonomia suspertzea, merkataritza lokalei erabilera berriak emanez. Programa honen zazpigarren ekitaldiaren aurkezpenean nabarmendu dute, proiektu hori abian jartzearekin batera, Ordiziako merkataritza eta ekonomia «biziberritu» egin zirela, eta, horri esker, merkataritza-lokalei «erabilera berriak» eman zitzaizkiela, eta horregatik izan duela jarraipena programak.
Ordizia Zabalik hiru norabidetan landutako proiektua da. Batetik, herrian ez dauden negozio berritzaileak erakarri nahi dira ekintzaile berrien bitartez. Bigarrenik, herriko gune desberdinetako beharrak asebete nahi dira. Eta hirugarren eta azkenik, belaunaldi aldaketari erantzun bat eman nahi zaio.
Eta diotenez emaitzak onak dira. Izan ere, aurreko sei deialdietan, guztira 42 ekintzaile izan dira laguntza-programan, eta ekintzaileen jarraipena %75etik gorakoa izan dela jakinarazi dute. Deialdi berri honetan, aurrekontua bost-zazpi eskaera berriei erantzuna emateko baliagarria izango da. Eskaera egin nahi dutenek, beren proiektua balioesteko eta adjudikazioduna izateko, abenduaren 10eko epemuga dute, dagokion dokumentazioa aurkezteko.
Bete beharrak
Bete beharreko baldintzak ondorengoak dira: Ordiziako lokal komertzial batean jarduera ekonomiko bat hasteko interesa duen edozein pertsona fisiko edo juridikori zuzenduta dago, bizilekua edozein dela ere. Ordizia Programaren inguruko informazio guztia jasotzeko eta eskaerak egiteko, Ordiziako Udalaren webgunean, merkataritza @ordizia.eus epostara idatzita eta 639 513 495ra deituta.