Sakabanaketari aurre egiteko ardo salmenta kanpaina jarri dute martxan
Presoen bisitetako gastu ekonomikoak asetzeko izango da lortutakoa, diru bilketarako ekintzak bertan behera geratu baitira aurten. Sei botilako kaxak 60 eurotan daude salgai
Etxerat Elkarteak eta Euskal Mahastizain Ekologikoen Elkarteak bat egin dute Urrun daudenengatik topa! lemapean, Gabonetan etxeetara elkartasuna helarazteko. Ardo salmenta kanpaina abiarazi dute presoen sakabanaketaren gastu ekonomikoei aurre egiteko, udan martxan jarritako Deposito bete elkartasun ekimenari jarraipena emanda.
Presoen aldeko hainbat ekintza egin ohi dituzte urtean zehar Goierrin ere, kartzeletara bidaiatu behar dutenei diruz laguntzeko. Aurten, halere, ekintza gehienak bertan behera geratu dira, adibidez, Beasaingo Garagardo Azoka. Ondorioz, gastu ekonomikoei aurre egiteko zailtasunak dituzte bisitak egin behar dituzten senide eta lagunek. Egoerari irtenbide bat emate aldera, Deposito bete elkartasun ekimenaren Gabonetako kanpaina egin dute: «Etxerat Elkartetik senide eta lagunei laguntza eta babesa eskaintzeaz harago, beharrizan ekonomiko hauek asetzeko konpromisoa hartu dugu», adierazi du elkarteak.
«2020ko Gabonak ezohikoak izango diren arren, otorduetan aipatutako ardoa dastatzeko gonbita» luzatu du Etxeratek. Sei botilez osatutako kutxak jarri dituzte eskuragarri, 60 eurotan. Etxeraten egoitzetan, Beasaingo Herri dendan (Kale Nagusia, 12), edo depositoakbete.eus webgunean (69 euroan) eros daitezke, abenduaren 15era bitartean. Euskal Herriko «kalitatezko ardoa» izango dela jakinarazi dute, upategi txikietan ekoiztutakoa eta eskualdeetan sustraitua. Biba ardoak euskal mahastizain ekologikoen kooperatibako ardoak izango dira.
11.752 bidaia
Etxeratek urtean ordaindu beharreko gastuen balantzea egin zuen udan ekimena martxan jarri zuenean. Guztira, 226 euskal preso daude sakabanatuta. Urteak 52 aste dituenez, 11.752 bidaia egiten dituzte urtean kartzeletara senideek eta lagunek.
Bidaia horietan 1.244 kilometro egiten dituzte batez beste eta, beraz, guztira, 14.617.304 kilometro dira urtean presoen senideek egin behar dituztenak. Hori gauzatu ahal izateko, 1.140.150 litro erregai erabili behar dute, hau da, 1.482.195 euroko erregai gastua. Ardoen bidez lortutakoaz gain, bi kontu korronte ireki dituzte erregaia ordaintzeko dohaintzak egiteko. Webgunean daude ikusgai.
Elkartasun bideoa
Gabonetako ardo kanpainarako elkartasun deia den bideo bat ere sortu dute. Etxerateko Belen Aurrekoetxea eta Iker Ulibarri euskal mahastizainen ordezkaria agertzen dira bertan. Ulibarrik baserritarrak «isolatuta» bizi direla eta horregatik hainbat ekoizle kooperatiban elkartu zirela azaldu du ikus-entzunezkoan, eta burujabetasuna lortzeko bide gisa definitu du mahastizainek egiten duten lana.
Aurrekoetxeak, berriz, alaba eta haren bikotekidea atxilotu zituztenetik Etxerat elkartea aurkitzea «oso inportantea» izan dela azpimarratu du: «Daukazun min horretan babesa aurkitzen duzu». Herritarrei dei egin diete Eguberrietan ere etxeetara elkartasun hori helarazteko.