Mendi zati bat, elizan
Gaur hasiko da Ormaiztegiko XVIII. Mendi eta Abentura Astea, hilaren 20ra arte. Bost ikus-entzunezko eta prestakuntza saio bat antolatu dituzte. Saio guztiak elizan egingo dira, 18:30ean
Dataz zertxobait atzeratuta, baina kartel oparoa osatuta dator aurten Ormaiztegiko XVIII. Mendi eta Abentura Astea. Gaurtik hilaren 20ra bitarte, bost ikus-entzunezko eta hizketaldi, eta Euskal Mendi Federazioak eskainitako mendiko prebentzioari eta segurtasunari buruzko prestakuntza saio bat antolatu dituzte Sorgintxulo rokodromoak, Ormaiztegiko Udalak eta Ormaiztegi Kirol Elkarteak. Horien osagarri, urriaren 13az geroztik Gizarte Etxean ikusgai dagoen Euskal Espedizioa 1980, Everest erakusketa bisita dezake Ormaiztegira inguratzen denak.
Idoia Rubial zumarragarrak eta Maite Zumarraga gasteiztarrak 2018ko maiatzean Yosemiteko Capitan hormatzarreko (AEB) The Nose bidea eskalatu zutenekoa ekarriko dute gogora gaurko saioan. Biharkoak abentura kutsua izango du. Isabel Segurak eta Carmelo Lopezek Afrikara bizikletan eta argindarrik gabeko zinema eramanez egindako bidaia erakutsiko dute. Eta etzi Nepalgo Gaurishankar bailarako Dragna mendiko igoera izango dute hizpide Iñaki Arakistainek eta Joseba Larrañagak.
Koke Lasaren azken bidaia
Datorren astean ere Nepalek toki berezia izango du. Gaur zortzi, 12 euskal mendizalek eta 9 xerpa gaztek Txomolungma (Everest) inguruan egindako ibilbide luzea erakutsiko du Felipe Uriarte mendizale historikoak.
Koke Lasa ormaiztegiarrak (historikoa hau ere) itxiko du zikloa. High Hilamayan Trail 1.700 kilometroko bidea egin asmoz joan zen Nepalera, baina bidea ezin izan zuen bukatu, koronabirusaren pandemiaren hasierak bete-betean harrapatu baitzuen. Itzuleran Katmandun bizitakoak ere bildu ditu Lasak ikus-entzunezkoan.
50 laguneko aforo muga
Mendi asteko saioa guztiak San Andres elizan dira (18:30), eta aforoa 50 lagunera mugatu dutela ohartarazi dute antolatzaileek. Ez da lekurik erreserbatuko.
XVIII. Mendi astea
EGITARAUA
- Gaur, hilak 9. Maite Zumarraga eta Idoia Rubialen Egun on Capitan! ikus-entzunezkoa eta hizketaldia. Euskaraz.
- Bihar, hilak 10. Isabel Seguraren eta Carmelo Lopezen Africa en Cinecicleta (Afrika Zinezikletan), ikus-entzunezkoa eta hizketaldia. Gazteleraz.
- Etzi, hilak 11. Iñaki Arakistain eta Joseba Larrañagaren Bizipenak ikus-entzunezkoa eta hizketaldia. Euskaraz.
- Asteazkena, hilak 16. Felipe Uriarteren Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere dokumentala eta hizketaldia. Euskaraz.
- Osteguna, hilak 19. Mendiko prebentzioari eta segurtasunari buruzko prestakuntza saioak.
- Ostirala, hilak 20. Koke Lasaren Om mani padme hum, ikus-entzunezkoa eta hizketaldia. Euskaraz.