Aurresku txapelketa nagusiaren hirugarren finala bihar da jokoan Latxartegin
Gipuzkoako 14 dantzari izango dira lehian, Markel Garmendia legazpiarra tartean. Goiz Deiako txistulariek lagunduko dute dantzarien jarduna. Errenterian jokatu ziren beste bi finalak
Goierritik dantzari bakarra arituko da bihar Latxartegi aretoan jokatuko den Gazte Mailako Aurresku Txapelketa Nagusiaren hirugarren finalean, Sustraiak dantza taldeko Markel Garmendia legazpiarra. Amasa-Villabona, Lezo, Anoeta, Oiartzun, Asteasu eta Elgoibarko aurkariak izango ditu Garmendiak. Guztira 14 dantzari dira, D sailekoak, 2005ean eta 2006an jaiotakoak.
Neskak eta mutilak dira, iazko edizioan ezarritako berrikuntzari jarraiki. Ordura arte, eta duela 23 urte sortu zenetik, bi ligatan banatuta zegoen txapelketa, neskak eta mutilak bereiztuta.
Aurtengo txapelketa atzeratuta dator, finalak maiatzean jokatu behar zirelako. Martxoan liga eten egin zen, eta urrian heldu zioten berriz. Hori amaituta, abenduan bi egunetan banatu dira finalak, A eta B sailekoak aurreko astean jokatu ziren Errenterian, eta D sailekoak, bihar.
Biharko finala eta sariak
D saileko finala 16:30ean hasiko da. Goiz Deia txistulari bandako kideen doinuez lagunduta, dantzariek Ehun dukat, Aurkez aurke eta Agurra dantzatuko dute. Jose Luis Vallejo, Katerin Artola eta Nahikari Vizuete izango dira epaileak, hiruak Euskal Dantzarien Biltzarrak izendatuta.
Irabazleak buruzagi makila eta garaikurra jasoko ditu, eta hurrengo bost sailkatuek, garaikurra. D sailean jantzi egokienaren saria ere banatuko da eta Isabel Aztiria eta Maria Luisa Mendizabal izango dira epaileak.
Sari gehiago ere banatuko dira bihar, hiru ligetako irabazleenak. A sailekoa Maria Sanchez da, B sailekoa Ane Jaunarena eta D sailekoa Mattin Etxebeste.
Txapelketako beste sailak
Errenterian jokatutako bi finaletan Legazpiko dantzari gehiago ere izan ziren. A sailean 2010, 2011 eta 2012 urteetan jaiotakoak aritu ziren, tartean Sustraiak taldeko Ekain Maniega, Maria Sanchez, Irune Azpeitia eta Jon Alberdi. Txapelketa Enara Artola lezoarrak irabazi zuen. B sailean, 2007, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoen sailean, Amaia Azpeitiak eta Laia Arruabarrenak parte hartu zuten, eta txapela Maddi Davila villabonarrak jaso zuen.
Sustraiak dantza taldeko Jon Dorronsororen hitzetan, dantzari horien jarduna oso ona izan zen, eta finalera iristea bera saritzat hartu behar da, batez ere txapelketan lehen aldiz parte hartu dutenen aldetik.