Beasainen eta Zaldibian ere ostalaritza itxi egingo dute
Beasain atzera ere eremu gorrian sartu da, eta itxi egin beharko dituzte tabernak, Ordizian bezala. Zaldibiak 5.000 biztanle ez dituen arren 552ko inzidentzia tasa du, eta gorrian dagoen Ordiziako osasun eremuan sartzen delako hartu dute erabakia:
Ordiziako ostalaritzaz gain Beasaingoa eta Zaldibiakoa ere itxi egin du Osasun Sailak, “egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2 sistemak eragindako infekzioen hedapenari eusteko”. Bihar ezingo dute ireki.
5.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, Beasain eta Ordizia kasu, intzidentzia tasa 500 lagunekoa baino handiagoa bada ostalaritza itxi beste aukerarik ez dago. Beasainek 544 gaixoko intzidentzia tasa du eta Ordiziak, 742koa. Zaldibiak, berriz, 552ko intzidentzia tasa du.
Zaldibiak, ordea, ez ditu 5.000 biztanle. Herri txikien kasuan ostalaritzak itxi egin behar du osasun eremuko intzidentzia tasa 500ekoa baino handiagoa bada eta azken astean bi kasu baino gehiago atzeman badira. Zaldibiaren osasun eremua Ordiziakoa da eta honen intzidentzia tasa 594koa da. Azken zazpi egunetan zazpi kasu atzeman dira.
Goierriko herri txikien artean Aramak eta Segurak ere intzidentzia tasa 500dik gora dute. 1.485 eta 1.707, hurrenez hurren. Halere, ostalaritzak bertan irekita jarraituko du. Izan ere, Araman, nahiz eta Ordiziako osasun eremuan egon, azken astean bi kasu atera dira. Segura, berriz, Beasaingo osasun eremuan dago eta bertako intzidentzia tasa 437 lagunekoa da.