Goierriko ostalariek ireki dituzte tabernak eta jatetxeak
Ordizia salbuespena da, Eusko Jaurlaritzak ezarritako kutsatze mailaren muga gainditzen duelako. Gainerako herrietan establezimendu ia guztiak ireki dituzte, ordutegiaren mugarekin haserre badaude ere.
Terrazak edukieraren %100ean eta barruak %50ean dituztela, eta goizeko 06:00etatik iluntzeko 20:00ak arteko ordutegi mugatuarekin, ostalariek gaur goizean ireki dituzte euren tabernak eta jatetxeak Goierri osoan, Ordizian izan ezik. Eusko Jaurlaritzak ezarritako azken neurrien arabera, 100.000 biztanleko 500 kutsatuen intzidentzia tasa gainditzen duten herrietan ezin da ostalaritzarik ireki, eta hori da Ordiziaren kasua. Beraz, tasa hori gutxitu arte itxaron beharko dute ordiziarrek.
Gainerako herrietan, salbuespenak salbuespen, establezimendu guztiak ireki dituzte, eguraldiak asko lagundu ez badu ere. Hilabete luzez itxita egon ondoren, tabernetako barruak irekita eta terrazak jarrita aurkitu dituzte bezeroek. Horiek ere, ostalariek beste gogo zuten berrirekiera honetarako.
Legazpin, bezeroak gogoz
Legazpiko Katilu taberna 09:00etan ireki dute eta orduz gero etengabea izan da bezeroen sartu-irtena. Gerardo jabea pozik agertu da azkenean ireki eta lanean hasi ahal izan dutelako, ixteko ordua 20:00etan izateak kalte handia eragingo diela jakin arren. Jatetxe zerbitzua ere badute, eta iluntzean ezingo dute eskaini, aurrerago etxera eramatekoa eskaintzea pentsatzen hasita badaude ere. Ordutegia poterorako ere oso motz geratzen dela kexatu da, eta muga horrek ekonomikoki galerak ekarriko dizkiela pentsatzen du.
Bezeroak ere pozik daude ostalaritzaren berrirekierarekin. Patxi eta Jagoba dira horietako bi. Katiluko mahaietako batean elkartu dira goizean, “bagenuen kafe bat eserita eta lasai elkarrekin hartzeko gogoa”, zioten. Aldi berean, tabernari asko lagunak dituztela ere esan dute, eta horiek bizi duten egoera dela eta, elkartasuna adierazi nahi die.
Beasainen, kezkatuta
Beasainen ere ireki dituzte taberna eta jatetxe gehienak, eta euria gelditu gabe egin badu ere, terrazetan bazegoen mugimendua goizean. Nafarroa etorbideko Ogi Berrikoa zen horietako bat. Ogi Berri okindegi eta kafetegia da, eta ostalaritza itxita egon den bitartean kanpora eramateko zerbitzua izan dute martxan, kafea, gosariak eta meriendak eskaintzen zituzten. Gaur ere bai, baina bezeroek lokalean bertan edo terrazan hartu ahal izan dituzte; horretarako irrikitan zeuden gehienak.
Okindegi-kafetegi honetan lan egiten duten Mari, Tamara, Oihana, Valentina, Belkys, Maika, Estefi eta Isabel urduri baina ilusioz joan dira gaur lanera, “dena normaltasunera itzultzeko gogoz”. Ordutegiaren murrizketak eurei ez diela eragiten esan dute, baina gainerako ostalariei min handia egin diela badakite. Ordiziako egoeraz ere kezkatuta agertu dira, hango ostalaritza itxita eta herriaren gertutasuna kontuan hartuta, egunean zehar eta datozen egunetan ordiziar asko Beasainera gerturatuko direla uste dute, “hobe zen herria itxi eta bertako ostalaritza ireki”.
Nafarroa etorbidearen ia beste puntan, Xokoa tabernakoek gaur jarri dute martxan negozioa, Aingeru, Izaskun eta Isanen ardurapean. Aingeruk esan duenez, gogoa bakarrik ez, premia ere bazuen taberna irekitzeko, diru sarrerarik gabe ezin delako bizi. Xokoa egoera honetan irekitzean arrisku handia hartu dutela dio, baina laster dena normaltasunez funtzionatzen hasiko dela uste du. Ostalaritza egoeraren errudun ez dela uste du Aingeruk, tabernariek neurriak ondo bete dituztelako eta bezeroak ere ondo aritzen direla. Ordiziaz ere hitzegin du, Porteria inguruan baduelako beste taberna bat, Txoko Berri, eta han ondoko herrikoen joan-etorria nabarituko dutela uste du.
Ordizian, etsita
Taberna gehienak itxita jarraitzen badute ere, Ordizian batzuk kanpora eramateko zerbitzua eskaintzen ari dira. Olano da horietako bat, eta Phil arduradunak esan duenez, ez zaio bidezkoa iruditzen herriko ostalaritzaren egoera, “ni Beasainera joan naiteke eta hango jatetxe batean bazkaldu, baina nirean ez; ez dut ulertzen”. Bitartean, etxera eramateko kafea eta janaria ari dira eskaintzen, eta ondo dijoakiela dio, “herriko jendeak ondo erantzuten du, asko laguntzen ari da”. Hala ere, diru sarrerak asko jaitsi direla aipatu du, ez bakarrik tabernarenak, baita bertan lan egiten ari diren langileen familietakoak ere, ABEEn dituztelako.
Iñigo da Olanoko bezeroetako bat, kafea hartzera hurbildu da gaur goizean, eta lagun batzuekin tertulian jarri da taberna ondoan. “Ez da bidezkoa Ordizian bertatzen ari dena, ez dugu uste herrian hainbeste kutsatu egotea tabernarien errua denik bakarrik”, zioten. Tabernak eta jatetxeak irekitzeko irrikitan daude, “lagunekin kafe bat mahai baten bueltan hartzeko, afaltzeko…”. Hori dela eta, datozen egunetan ondoko herrietara jende asko joango dela uste dute.
Fernando ere ordiziarra da, eta Moderno tabernara joan da kafe bat hartzera. Herriaren egoera “oso berezia” dela uste du, beste herri guztietan ez bezala, kutsatuen kopuruak altua izaten jarraitzen duelako. Horren erruz, ostalaritzak itxita jarraitzen du eta horrekin etsita agertu da, eta ondoko herrietan irekita egonda, ordizarrak kanpora joango direla uste du. Modernoko jabeetako bat den Ignazio ere etsita dago egoerarekin, baina ez oso konforme, kutsatu kopuru altuaren errua ostalaritzarena bakarrik ez, hezkuntzarena edo beste sektore batzuena ere badela uste duelako. Egoerari nahiko ondo egin ahal izan diola aurre ere esan du Ignaziok, “zorionez, gure taberna arkupe batzuetan dago, eta plaza ere pare-parean du, eta horri esker bezeroak etortzen zaizkigu, eta kafe asko eta pintxoak eta bestelakoak saltzen ari gara”, baina sektoreko beste kide askorekin gogoratzen da, tabernak itxita dituztelako.