Legazpiko Elbarrena auzoak ere badu bere historiaren testigantza idatzia
Felix Ibargutxik idatzi eta Burdinola elkarteak argitaratu duen 'Elbarrena, auzo ahaztua' liburua eguerdian aurkeztu dute, Latxartegin. 140 orrialdetan zehar, Legazpiko herriaren barrenaldeko etxeen eta bizilagunen historia jaso du kazetariak, elkarrizketen bidez.
Burdinola elkartea Legazpiko auzo guztien historia xeheki bildu eta liburuetan argitaratzeko egiten ari den egitasmoak beste fruitu bat dauka: ‘Elbarrena, auzo ahaztua‘. Txinpartak aldizkariaren 44. zenbaki gisa atera dute Elbarrena auzoaren historia, 140 orrialderekin liburua ere dei dakiokeen argitalpen mamitsua. Felix Ibargutxi kazetari legazpiarrak –Elbarreneko Frailenea baserrian jaio zen– idatzi du lana, Burdinolako Jose Luis Ugarteren eskariz. Biek aurkeztu dute gaur eguerdian liburua, Latxartegi aretoa pandemiaren neurriengatik erdira baina hala ere jendetsu zela. 150 bat lagun elkartu dira.
Burdinolak 1994an ekin zion Legazpiko auzoen historia xeheki biltzeari. ‘Telleriarte etxez etxe‘ izan zen lehen emaitza, ‘Brinkola gogoan‘ 1998an, ‘Lehengo Aztiri’ 2010ean, eta oraingoz azkena, Elbarrenekoa. Txinpartak aldizkaria, bere aldetik, 2000tik ateratzen du. Gaur atera duten 44 zenbakien artean, sei berezi eta beste sei liburu ere editatu ditu Burdinolak.
Auzokako bilduma hori osatzeko, beste bi falta zaizkie: Hegialdea eta Kalezaharra. “Baikorra naiz, eta horiek ere izango dute egunen batean aukera”, azaldu du Burdinola elkartearen lehendakari Ugartek. Jende askok eta auzolanean eginak dira aurreko liburuak ere. Eskerrak eman dizkio Ibargutxiri, Elbarrenari buruz liburua idazteko asmoa aspaldikoa bazen ere, bultzada eman eta ekimenari ilusioz heldu diolako.
Elbarrenari izaera eta izena bihurtzen
Legazpiko udalerria Ergoena eta Elbarrena eremuetan banatzen zenetik datorkio Urretxu-Zumarraga alderako parteari Elbarrena izena. “XIX. mendera arte, Mirandaolatik gorako guztia Ergoena zen; eta Mirandaolatik beherako guztia Elbarrena. Gerora, Brinkola auzoari deitzen mantendu zen Erguena forma. Gaur egun, Urolatik beherako aldeari esaten zaio Elbarrena”, argitu du Ugartek.
Baina, denborarekin, auzo izaera eta izena galduz joan da Elbarrena, nahiz auzotarrek bizirik mantendu dute nortasun hori. Hargatik, Ibargutxik ondutako liburuak “balio handia” du: “Memoria historikoa erakusten duelako, historia zer aberatsa den ikusten delako, nondik gatozen jakin dezakegulako eta auzotarren arteko harremanak indartu daitezkeelako”.
Iazko otsailean jubilatu ondoren, Ugarteren eskaintzari “berehala” baiezkoa eman, eta Felix Ibargutxik “denbora errekorrean” osatu du liburua. 68 auzotarrekin eta legazpiarrekin hitz egin du Elbarrenari buruz, eta lehenago hilda zeuden beste zortziren testigantzak eman dizkio Ugartek. “Entzun egin dut batez ere, kazetariak egin behar duen oinarrizko lana horixe baita: ondo entzun. 40 etxetan baino gehiagotan egon naiz. Kontatzen utzi diet auzotarrei, zeukatena esaten utzi, nik gidatu gabe, pazientziaz entzunda”, azaldu du Ibargutxik.
Osagai ugari falta
Elbarrenak, historikoki, gabezia asko zeuzkan, beste auzo batzuek bezala, nortasunari sendo eusteko. “Ez zen auzoa ere. Tabernarik ez zegoen, Juanitarenean denbora labur batean eduki zutena izan ezik. Elkartzeko gunerik ere ez zegoen, ermitarik ere ez. Zumarragara edo Legazpira joaten ziren auzotarrak enkargutara edo elizara”, zehaztu du Ibargutxik.
Hala eta guztiz, Elbarreneko 47 etxeren eta bizitokiren informazioak agerian utzi du bazela zerbait, Legazpiren historian. Lucio Bergara arantzar Legazpiartuaren argazki bikainak bildu ditu. Zabalotegi etxearen irudirik ezin lortu izana, eta Catalina Seguraren argazkirik ez lortua, penaz hartu ditu. “Euskarazko irakaskuntzaren aitzindaria izan zen Catalina Segura Legazpin, eta frankistek errepresaliatu zuten gero”. Ubaldo Segura alkate errepublikarraren irudiak lortu ditu.
Auzoan, Pedro Seguraren industrialdeak eman dio arreta handia. “Patricio Etxeberriaren industriaz gain, Legazpin beste industrialde handi bat ere izan zela ikasteko balio izan digu”. Sekula inon publikatu gabeko argazki zahar bat ere aurkeztu du, Pedro Seguraren fabrikena. Leinu zaharrak ere arakatu ditu, artxiboetako datuekin (Burdinolak emanak) osatuta.
Enrique Guinea Makibar argazkilari gasteiztarraren herriko irudiak, Galdots jauregia, Olaetxe eta Bengolea, eta dagoeneko desagertuta, eraitsita eta legazpiarren oroimenetik ere erortzeko zorian dauden beste hainbat etxe, bizilagun, toki eta eremu erreskatatu ditu Felix Ibargutxik, kontuz eta irudiz, Elbarrenean.
Diseinu eta maketazio lanak Manolo Salmeron legazpiarrak egin ditu. Argazkien kalitateari eta edizioari garrantzi handia eman dio, eta gutxieneko mailara iristen ez zirenak baztertu dituzte; jasotako argazki funts aberatsetik zati bat ere kanpoan geratu da.