Nagusilaneko boluntarioek lanean jarraituko dute Gabonetan
Egoitzara, Garagunera eta eguneko zentrora ezin dira joan, baina harremana ez dute eten erabiltzaileekin. Gabonetako agurrak eta bideoak bidali dizkiete tere madinabeitia
Koronabirusak goitik behera eraldatu du Nagusilan boluntario taldearen jarduna, eta Gabonetan egin ohi izan dituen ekintzak beste era batera egingo ditu aurten. Data esanguratsu hauetan Santikutz egoitzako, eguneko zentroko eta Garaguneko erabiltzaileengana iristeko modua aurkitu dute Legazpiko boluntarioek.
Elkarteak pertsona nagusiekin egiten du lan batez ere eta kolektibo hori da, hain zuzen, gaixotasun honek gehien eragiten duenetako bat. Horregatik, martxoan alarma egoera ezarri aurretik, Legazpiko taldeak eten egin zituen hiru leku horietan burutzen zituen ekintzak. Hala ere, boluntarioek berehala aurkitu zuten modua lehendik zuten harremana ez eteteko, eta argazkiz eta agurrez osatutako bideoak helarazten hasi zitzaiz- kien, eta Zoom plataformaren bidezko topaketak ere egin dituzte.
Orain, Gabonak datozela eta, aurreko hilabeteetan erabilitako bitartekariak baliatuko dituzte berriz ere egoitzan, eguneko zentroan eta Garagunen ekintzak burutzeko.
Gabonei begirakoak
Gabonetako agurrekin hasi dira ekintzak; Garagunekoen laguntzarekin 100dik gora txartel egin dituzte, eta hiru zentroetako erabiltzaileen artean banatuko dituzte. Eguneko zentrokoei joan den ostiralean banatu zizkieten, opariz eta Gabon kantaz lagunduta. Garagunen atzo jaso zituzten, eta gaur egoitzakoei emango dizkiete, Nagusilaneko kideak Internetaren bidez lagun dituztela.
Gabon kantak eta opariak ez dira, beraz faltako, eta opari horietako bat, adibidez, bideo formarekin iritsiko zaie egoitzakoei. Bertako 71 erabiltzaileen jaioterrietako argazkiz bideo bat osatu dute eta hilaren 28an proiektatuko dute.
Telefono bidezko literatur tertuliak, bideo gehiago, internet bidezko topaketak… Nagusilanek ez du atsedenik hartuko datozen egunetan, pertsona nagusiei laguntzen jarraituko du.