Santikutz egoitzan izango da aurten ere Gabon giroa
Beste urteetan egiten diren hainbat ekintza ezingo dituzte partekatu familiekin, boluntarioekin, eta herriko gizarte eta kultur taldeekin ezingo dituzte, baina teknologia berriei esker Gabon egitarau sendoa aurrera eraman ahal izango dute. Musikak toki berezia izango du, batez ere biharko musikoterapia saioak.
Santo Tomaseko festarekin hasi eta Errege bezperako opari banaketara arte, Gabon giroa nagusituko da Legazpiko Santikutz Egoitzan. Egoiliarrei zuzenduta, ekintzaz beteriko egitaraua prestatu dute datozen egunetarako.
«Aurtengo Gabonak bereziak izango dira, ez familiak, ez boluntarioak, ezta herriko gizarte eta kultur talde desberdinak ezingo direlako egoitzan sartu», azaldu dute terapia eta animazio sailetik, baina egoera berezi horri aurre egiten asmatu dute, eta Santikutzen bizi diren aitona-amonak ez dira Gabon girorik gabe geratuko. Horretarako, teknologia berriak ezinbestekoak izango dira, eta bideoak edo Zoom aplikazioaren bidezko konexioak direla medio, besteak beste, ikastolako ikasleek zorion agurra, Nagusilaneko boluntarioen agurrak eta bideo emanaldiak eta Mendizerra jota taldearen emanaldia iritsiko zaizkie bertara.
Pantailetatik kanpo ere izango dituzte ekintzak. Hala, hilaren 24an, musika eskolako ikasle talde batek lagunduta, Olentzerok eta Mari Domingik agerraldia egingo dute egoitzaren kanpo aldean, eguraldi ona egiten badu. Bestetik, hilaren 29an Paco Caballerok kontzertua eskainiko du esku soinuarekin, eta hilaren 30ean musika ikasleak itzuliko dira berriz ere egoitzara, beste saio bat eskaintzera.
Musikoterapia saio berezia
Musikak leku berezia izango du Gabonetako egitarau honetan, bereziki biharko musikoterapia saioak. Monika Arriaran terapeuta eta animazio arduradunak zuzenduta, duela sei urte egoiliarrekin batera osatutako Gabon kantari musika eskolako ikasleen doinuak erantsi, eta perkusio tresna txikien laguntzarekin, denen artean abestuko dute, saio berezia eginez.
Bideo bat ere grabatuko dute kanta hori abesten, eta familiei eta beste egoitza batzuetako egoiliarrei Gabonak zoriontzeko erabiliko dute gero.