Aldasoro jada ez da udaleko zinegotzia
Zinegotzi karguari ere uko egin zion, alkatetza uztearekin batera. Legebiltzarkidea izango da soilik hemendik aurrera
Aitor Aldasorok Beasaingo Udaleko zinegotzi kargua utzi du. Herritarrek hauteskundeetan hautatu zuten zinegotzi –eta hauek alkate– baina Eusko Legebiltzarrean izango duen lan kargarekin behar bezalako dedikazioa ezingo dionez eskaini udaleko jardunari bi karguak uztea erabaki zuen. “Legebiltzarreko joan etorriak, gure ustez behintzat, ez du posible egiten hemen alkatetza eta biak batera uztartzeko. Horregatik hartu dugu nik nire kargua uztea eta alkate berria izendatzea”, arrazoitu zen.
Agurrean aurretik izandako alkateak gogoan izan zituen. “Haiek egon ez balira ni ez nintzateke hemen egongo”, esan zuen. “Eskerrak eman nahi nizkieke gertu eduki ditudan alkateei, batez ere. Bateren batek jada utzi gaitu eta hura erreferente izan dugu. Harek oso garbi zuen zerbitzu bat ematera gentozela hona. Nik uste dut emoziotan bustitzen garela herrigintzara dedikatzen garenok, eta emozio horietan zertarako gatozen hona garbi edukitzea garrantzitsua da. Beraz, nire lehendabiziko eskerra pasa diren alkate denei. Denengandik ikasi dut”.
Udaletxeko langileentzat ere esker oneko hitzak izan zituen, “hamazazpi urte eta erdiren ondoren, zer esanik ez”. “Nik uste dut profesional onak ditugula, langile finak. Askotan haserrea sortzen digun finegitasun horretan bustitzen direnak. Baina lotsarik gabe esan behar da: hein handi batean eskertzekoa da beraien jarrera gauzak ondo egin nahi horretan”.Udaletik kanpoko erakundeei ere egin zien aipua. “Harremana beharbada motzagoa izaten da baina estuagoa ere bai. Sasieta mankomunitatea, Goieki, Goierri eskola… oso intentsua izaten da harremana. Horrenbeste urtetan harremana lankidetzatik adiskidetasunera pasatzen da”.
“Oposizioari ere eskerrak, edo behintzat, aitortza”, jarraitu zuen. “Iruditzen zait ekarpenak egiten dituzuen heinean herria irabazten ateratzen dela. Gu ere eskuzabal agertu gara eta dudarik ez dut agertuko garela aurrerantzean herri hobe bat egiteko bidean”.
Udal gobernuko kideentzat izan ziren azken hitzak. “Nahiz eta kanpora begira alkatea irteten den, zuek dakizue inork baino hobeto ez dala pertsona bakarraren kontua. Talde lana da”. Ibilbidean 2011n hasi zutela gogoratu zuen eta geroztik ordu mordoa igaro dituztela elkarrekin. “Aurrerantzean ere lan eskerga duzue”, ohartarazi zien. “Perspektiba hori eta talde izaera hori ez galtzeko eskatuko nizueke”.
Agurrek estali egin zuten
Lehendabizi alkate karguari uko egin zion baina zinegotzi izaerari eutsi egin zion alkate berriaren bozketan parte hartu ahal izateko. Artolak irabazi zuen eta txalo eta agurren artean, gainerako zinegotziak eta ikusleak altsa egin ziren. Osoko bilkura amaitu egin zela zirudien baina Aldasorok, oraindik, zinegotzi izaten jarraitzen zuen.
Txikikeria bat besterik ez zen. Araudiak dio udalbatzan utzi behar dela kargua eta hori irudikatzea besterik ez zen falta. Azkenean, emozioak baretzean eta bertaratutakoak esertzean, Aldasorok zinegotzi kargua utzi ahal izan zuen. “Bestela, bihar ere oraindik hemen naiz”, esan zuen txantxetan.