Joskintza ogibide izan nahi duen senegaldarra
Mor etorkin senegaldarra Legazpin bizi da. Kaleko salmenta utzi eta jostun lanetan hasi da, bere herrian zuen lanbidea berreskuratuz. Poltsak, nezeserrak eta mantak egiten ditu. Mimarun ditu salgai.
Opariak erosteko garai honetan, ba-da Legazpin kontuan hartzeko eskaintza berezi bat, Mor senegaldarrak jositako poltsak, nezeserrak, mantak eta beste jantzi batzuk. Senegaldik ekarritako oihalez eginda, motibo etnikoak eta kolorea dituzte ezaugarri nagusitzat. Morrek berak eta Maip bere lehengusuak saltzen dituzte, baina Mimaru lore dendan ere badituzte salgai, eta Legazpitik kanpo ere eros daitezke, Zumarragako Julita mertzerian.
Morrek Senegalen zuen lanbidea berreskuratu du, eta alternatiba bat bilatu dio garai honetan hain zaila den kaleko salmentari. Joskintzatik bizi nahi du.
Legazpira, Italiatik
Mor Senegalgoa da, Louga eskualdeko Niomre herrikoa, eta 30-bat urte ditu. Otsailean bi urte egingo ditu Legazpin. Italiatik bueltan etorri zen, hemen bizi ziren bi lehengusuengana. Aita zuen Italian, eta haren lagun batek deitu zion oso gaixorik zegoela esateko eta joateko. Iritsi zenerako, hilda zuen aita, eta Senegalera itzuli beharrean, Europan geratzea erabaki zuen.
Legazpira iritsitakoan, orgatxoa hartu eta kaleko salmentan hasi zen lanean, galtzerdiak, aterkiak, lepoko zapiak, bufandak, eskularruak eta beste hainbat produktu salduz. Arrasate, Aretxabaleta eta Oñati aldean ibiltzen zen, eta «hasieran nahiko ondo» saltzen zuela aitortu du. Baina koronabirusa iritsi zen, eta etxean geratu behar izan zuen, saltzera atera ezinik eta, ondorioz, batere diru sarrerarik gabe. Une larriak bizi izan zituen, berak eta berarekin etxean zeuden gainerako etorkinek, baina egoerari aurre egin ahal izan zioten legazpiar batzuk sortutako elkartasun sare bati esker. Etorkin taldetxo hari laguntzeko porra bat sortu zuten, eta lortutako diruarekin igaro zituzten konfinamenduko aste zail haiek.
Senegalen, jostun
Baina Morri, konfinamenduak gauza onak ere ekarri zizkion, Senegalen zuen lanbidea berreskuratu ahal izan zuelako. Jostuna zen han, tailer bat eta denda bat zuen, eta bertan jositako arropekin eta jantziekin ateratzen zuen bizimodua. Konfinamenduan, elkartasun sarearen bitartez, josteko makina bat eskuratu zuen, eta oihalezko maskarak egiten hasi zen, gero saltzeko.
Esperientzia arrakastatsua izan zen, baina maskaren bidea agortu zenez, beste produktu batzuk josten hasi zen, Mimaru lore dendako Buscatar hiru ahizpek animatuta batez ere.
Mor josten trebea eta gustu handikoa da, eta janzteko arropak edo mahai zapiak egiteko enkarguak jaso ditu, besteak beste, eta edozer jantzi josteko gaitasuna du, eta horretarako prest dago. Azkenaldian, nezeserrak, ilerako zintak, zapiak, polsak eta mantak egin ditu, Gabonei begira opari gisa saltzeko.
Joskintza kaleko salmenta baino gehiago gustatzen zaiola dio Morrek, eta une honetan diru gehiago ematen dion lanbidea. Horrekin jarraitu nahi du.