Olentzeroren bisitak, neurrira egokituta
Herriz herri ibili dira Mari Domingi eta Olentzero egunotan, eta bihar ere hainbat herritako haurrak bisitatuko dituzte. Idiazabalgo haurrek balkoietatik agurtuko dituzte.
Olentzerok eta Mari Domingik aurten lan handiagoa izango dute. Gutunak jaso, irakurri eta opari, gozoki edo ikatza banatzeaz gain, bisitak COVID-19aren aurkako neurrietara egokitu beharko dituzte gainontzeko herritarrek bezala. Zenbait herritan harrera egiteko data aurreratu dute pandemiagatik, baina abenduaren 24an ere hainbat herritan izango dira.
Urretxura herenegun joan zen Olentzero gutunak jasotzera, bakarrik, liburutegiak deituta. Udaletxean egon zen, musukoarekin eta haurretatik bi metrora. Lazkaon, berriz, herenegun eta atzo egon zen, Areria Aretoan. Gaur bertan egongo den azken eguna izango da. Zaldibiatik erepasatu dira. Atzo jaso zuten Lardizabal eskolako haurrek Olentzero eta Mari Domingiren bisita, Olaldeko parkean. Eta Zaldibiatik Legorretara abiatu ziren. Legorretako haurrek eskolan jaso zuten haien bisita, herriko plazan izan ordez.
Goierriko herri gehientsuenetara, halere, bihar joango dira. Ormaiztegin eta Idiazabalen kaleak zeharkatuko dituzte, balkoietako haurrak agurtzen dituztela. Idiazabalgo Udalak balkoietan gelditzeko eskatu die idiazabaldarrei.
Hurbiltzerik ez Beasainen
Beasaingo haurrek ere bihar izango dute Olentzero eta Mari Domingi ikusteko aukera. Plazan izan ohi da, baina aurten Igartzako Burdinolan egingo diete harrera. Burdinolaren inguruan zirkuitu bat antolatuko dute eta albo batetik sartu eta beste aldetik irten beharko da. Barrukoak irten arte ezingo da beste inor sartu, edukiera ez dadin gainditu. Olentzero eta Mari Domingirena ezingo da hurbildu eta eskutitzak ezingo zaizkie eskura eraman eta, beraz, eskutitza edo txupetea eman nahi dietenek otarra batean utzi beharko dizkiete. «Urrutitik, behintzat, kasu egingo dizuegu eta maitasun guztia bidali», esan du Mari Domingik.
Ordizian bi egunetan banatuko dute harrera: gaur eta bihar. Olentzero eta Mari Domingi ez ezik, haien laguntzaile diren galtzagorriak ere egongo dira herriko plazan gutunak eta txupeteak jasotzen. Ordiziako saioetara joateko gonbidapena jaso behar da Barrena Kultur etxean. Biharko saioetarako sarrerak agortu dira.
GAUR, ABENDUAK 23
Lazkao. Atzo eta herenegun ereizan ziren Olentzero eta Mari Domingi herriko haurrekin Areria Aretoan. Gaur bisita egiteko azken eguna izango da.
Ordizia. Herriko plazan bi saioegingo dituzte, 17:00etan eta 18:30ean, gonbidapen bidez.BIHAR, ABENDUAK 24
Ordizia. Abenduaren 24ean ere bi saio egingo dituzte Ordiziako haurrentzat, plazan, goizeko 11:00etan eta 12:30ean.
Beasain. Plazan izan beharrean, Igartzako Burdinolan egingo dute, 11:30etik 13:30era eta 15:30etik 17:30era.
Legazpi. 11:00etatik 13:00ak bitartean, Agirre-Etxeberrin egongo dira, Santikutz kalera ematen duen ataripean.
Ormaiztegi. Traktore baten gainean herrian zehar ibiliko dira, geldialdiak eginez haurrak agurtzeko, 12:00ak aldera.
Arama. Plazan izango dira gutunak jasotzen, 18:00etan hasita.
Zegama. Bi txanda egingo dituzte: 17:00etan eta 19:00etan, eskolako patioan. Izena udaletxean eman behar da.
Segura. 18:00etan frontoi zaharrean, eta euria ari badu Baratze pilotalekuan izango da.
Idiazabal. 20:00etatik 21:00etara Kale Nagusia, Zepai kalea, Gurutze Berri eta Zigor Kalea zeharkatuko dituzte haurrek balkoietatik agurtu ditzaten.ABENDUAK 26, LARUNBATA
Itsasondo. 10:00etan plazatik aterata orientazio ibilbidea egingo dute Urkirako bidean, Oihana Unanue natur adituarekin. Ibilbidean Olentzero eta Mari Domingirekin zerikusia duten elementuak bilatuko dituzte.