Ordiziako udal ordezkariek Gabonetan zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko deia egin dute
Ordiziako Udal ordezkariak bat egin dute Gabonetara begira herritarrei bidali dieten mezuan. Helburua da, datuak hobetu ahal izatea eta horretarako neurriak zorrotz betetzea eskatu dute.
Ordiziako Udaleko ordezkari guztiek bat egin dute Gabonak direla herritarrei bidali dieten mezuan. Eskatu dute “zuhurtziaz jokatzeko, eta adineko eta arrisku taldeetako pertsonak, bereziki babesteko”.
Hurrengo egunetan familiakoekin egingo diren juntadizoetan arreta berezia jartzeko eskatu dute. “ezarri diren neurriei kasu egitea beharrezkoa da gu guztiok zaintzeko”. Baina bereziki, “adineko pertsonak eta egoera zaurgarrian daudenak babesteko” deia egin dute.
Adur Ezenarro alkatea, Ordiziako inzidentzia tasarekin kezkatuta agertu da. Espero du, herritarrek “zorrotz” betetzea, “100.000 biztanleko 500eko tasaren langa horretatik jaistea, eta datuak hobetzea, ez direlako zenbaki hutsak, pertsonak dira”. Datuek hobera egiteak, gainera, “merkataritzak eta ostalaritzak bizi duten momentu zailari egoera arinduko” diola gogorarazi du.