Urte «gogorra» goxatzeko, orain artekoen oroipenak Beti-Gazten
Zaldibiako Beti-Gazte jubilatu elkarteak ezohiko 2020aren balantzea egin du; «orain arte gogoratu dezakegun zailena» izan dela diote, baina jarraitzeko gogotsu daude.
Zaldibiako Beti-Gazte jubilatu elkarteak ezohiko 2020aren errepasoa eta balantzea egin ditu, ez normalean bezala, baina aurrera jarraitzeko erabakimen osoarekin bai. «Orain arte gogoratu dezakegun zailena». Halaxe katalogatu dute bukatzear den urte hau, pandemiarena. «Bereziki gogorra izan da 2020a».
Murrizketak eta debekuak direla eta, urteroko ekimen gehienak ezin izan dituzte burutu: kultura-irteerak, erretiratuen eguna, kantu-taldearen entseguak, auzoetako familien bisitak, haurrekiko jarduerak…
Dena ez dute utzi, ordea. Martxora arte kolektiboki aktibo mantendu ziren, eta gero banaka edo multzo txikietan jarraitu dute. Mantenimendu gimnastika egin dute, edo uztailean WhatsApp aplikazioa erabiltzeko ikastaroa. Ostiraleroko Tipi-Tapa ibilalditxoa ahaztu gabe.
Hamar urtekoa, gozagarri
Urte bukaeran, urteko ekitaldien argazkiak emateko saioa egin ohi dute. Aurten ezingo dira elkartu. Baina 32 gigako USB banaoparituko die Beti-Gazte elkarteak bazkide guztiei, hamar urtean egindako jarduera guztien grabazioekin, etxean ikusteko.