Itxaropena iritsi da Goierrira
Segurako San Joan egoitzako egoiliarrak eta langileak dira COVID-19aren aurkako txertoa jaso duten lehenak. Zumarragako Argixaon atzo egin zuten txertaketa
Zalaparta handiegirik gabe iritsi da Goierrira COVID-19aren aurkako txertoa. Atzo egunkari honetako lerrootan aipatu zen Zumarragako Argixao egoitzako egoiliarrak izango zirela eskualdean lehenak txertoa hartzen, baina informazio hori ez da zuzena , abenduaren 31n Segurako San Joan egoitzako erabiltzaileak eta langileak txertatu zituztelako dagoeneko koronabirusaren aurka. Argixaon atzo egin zuten txertaketa.
Goierriko beste lau zahar egoitzetan datozen egunetan jarriko dituzte. Momentuz, 160tik gora lagunek jaso dute txertoa eskualdean.
Argixaon, lasaitasuna
Zumarragako Argixaon gimnasioa aukeratu zuten txertaketak egiteko, beharrezko baldintza guztiak betetzen dituen lekua delako. Atzo, goizean goiz hasita, bertatik igaro ziren txandaka zentroko egoiliar eta langile gehienak COVID-19aren aurkako txertoa hartzera. Unitate psikogeriatrikoan daudenek, berriz, handik irten ezik, eta bertan jaso zuten. Osakidetzako talde bat joan zen espreski Argixaora txertoa jartzera.
Egoitzako zuzendari Carmen Hernandezek jakinarazi duenez, 104 egoiliarrek hartu dute txertoaren lehen dosia, %96k, eta langileen artean %74ek. Atzoko lan-txandan ez zeuden langileek ospitalean jasoko dute txertoa datozen egunetan. Txertoaren bigarren dosia urtarrilaren 26an jarriko diete.
Dena «lasai eta ondo» joan zela azaldu du Hernandezek, eta txertoa ipini eta lehen minutuetan inork ez zuela albo ondoriorik erakutsi. Egoiliarrak «itxaropentsu» agertu zirela ere esan du, eta langileak «eurengatik pozik» daudela: «Adinekoen egoitzetakoa, koronabirusarekin besteek baino gehiago sufritu duen kolektiboa da, eta txertoak kutsatuko ez diren bermea ematen die, momentuz balizko bermea bada ere». Familiarekin eta orokorrean kanpoarekin dituzten harremanak asko murriztuta dituztela eta, gauzak aldatzen has daitezkeela dio egoitzako zuzendariak, eta langileei horrek «poz handia» ematen diela erantsi du.
Ondoren, beste egoitzetan
COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina adinekoen egoitzetan hasi da, eta Segurako San Joanen eta Zumarragako Argixaoren ondoren, Goierriko gainerako zentroetara zabalduko da. Hala, Beasaingo Arangoitin bihar bertan egingo dutela jakinarazi dute, eta Ordiziako San Josen ere datozen egunetan izango da txertaketa.
Legazpiko Santikutz egoitzan hurrengo astelehenean, hilak 11, txertatuko dituzte egoiliarrak eta langileak. Cristina Uribetxeberria arduradunak azaldu duenez, txertaketa egiteko «gogo handiarekin eta itxaropenarekin» daude zentroan, «txertoak onura asko ekarriko dituelako, lasaitasuna eta ohiko bizitzara itzultzeko aukera», besteak beste. Koronabirusak eraginda, egoiliarren egoera ez dela ohikoa erantsi du, eta orain familiarekin eta komunitatearekin harremanak berreskuratu ahal izango dira, «hori, nahia bakarrik ez, beharra ere bada».
Lazkaoko Txindoki Sanitas egoitza pribatuan, azkenik, ez dute oraindik zehaztuta txertaketarako eguna, baina datorren astean izango dela jakinarazi dute prentsa bulegotik.
Seguran, bigarrenaren zain
Ia aste bete igaro da Segurako San Joanen txertaketa egin zutenetik, eta «dena ondo doa», Iñigo Fernandez arduradunak jakinarazi duenez. Guztira 60 lagun txertatu zituzten, zentroko 47 erabiltzaileak eta 13 langileak. Osakidetzako talde bat joan zen egoitza bertara txertoa egoiliarrei eta une hartan lanean ari ziren langileei jartzera, eta gainerako langileek osasun zentroetan jaso dute.
Orain, «txertoaren bigarren dosiaren zain» daudela azaldu du Fernandezek, eta horretarako data ere badute: urtarrilaren 21a, osteguna.