Asmakizunen urtea
Euskal igarkizunak dira udalaren egutegiko lehiaketaren ardatz. Ricardo Vierbücher, Josu Altzelai eta udala bera dira argazkien egileak. Erantzuna asmatzen dutenen artean, saskia edo 50 euro.
Urtea hastearekin batera, Legazpiko etxe askotan udalak kaleratutako eta banatutako egutegia eskegi dute. Herrian eta herritarrek egindako argazkiz osatuta egoteak erakargarritasuna ematen dio, eta horri, hilabete bakoitzari lotzen dioten lehiaketa gehitu behar zaio. Aurten, euskal asmakizunak dira 12 hilabetez luzatuko den lehiaketa andanaren ardatza.
Aurtengo egutegiko irudien egileak, berriz, Ricardo Vierbücher, Josu Altzelai eta udala bera dira, eta argazkietan jasotakoak, besteak beste, Agirre-Etxeberri, inauteriak, San Joan bezperako alardea, haurren uda ikastaroa eta Barrendiolako urtegia.
Euskara eta lehiaketa
Egutegiko lehiaketak hilabetez hilabete agertzen diren asmakizunen inguruan antolatu badira ere, udalak azaldu duenez, protagonista nagusia «ikusezina da, gure artean dago eta oso baliotsua da: gure hizkuntza da, euskara». Asmakizunak euskararen «ahozko tradizioaren parte» direla nabarmendu du, eta aurtengo egutegian jaso dituen hamabiek «gure hizkuntzaren alderdi poetikoa, metaforikoa eta sinbolikoa erakusten dute».
Legazpiko 2021eko egutegiak jasotzen dituen asmakizunak «erritmikoak eta musikalak» direla ere esan du udalak, eta onomatopeiak eta forma poetikoak erabiltzen dituztela. «Poesiaren ataria dira, baina, aldi berean, gure eguneroko bizitzaren ispilua dira». Hizkuntza ondo ezagutzen dutenek eta ikasten ari direnek asmatzeko modukoak direla erantsi du, azken horiei zuzenduta gaztelaniazko pista txiki bat ere badutelako. Argazkiek ere zeregin garrantzitsua dute asmakizunetan, eta «batzuetan arrastoren bat eskaintzen dute, beste batzuetan nahasmena sortu».
Lehiaketan parte hartzeko gonbidapena ere luzatu die herritarrei. Hilero, igarkizuna asmatzen dutenen artean, 50 euroko erosketa bonu bat edo Bertatik Bertara produktu sorta bat zozkatuko du.
Beste gai batzuk
Aurreko urteetan beste gai batzuk landu ditu udalak egutegiaren lehiaketan: herriko zuhaitzak, Legazpiko txokoak, artzaintza, merkataritza, festak eta ospakizunak…