Gaztetxea, Hare Haizea eta Zine Kluba bat eginda Sahararen alde
Hiru erakundeek antolatuta, 'Haizearen egia' film laburra izango da ikusgai Latxartegin. Saharar errefuxiatuei buruzko mahai ingurua egingo dute gero

Saharako herriarekin dituen elkartasun harremanak areagotu egingo ditu Legazpik asteburuan, Gaztetxeak, Hare Haizea elkarteak eta Zine Klub Legazpik batera martxan jarritako ekimen bati esker. Larunbatean, hilak 23, sahararren errefuxiatu kanpamenduetako egoera azaltzea helburu duen Haizearen egia izeneko film laburra proiektatuko dute Latxartegi aretoan, eta ondoren mahai ingurua egingo dute, sahararren egoeraz eztabaidatzeko.
Ekitaldia 19:00etan hasiko da, filmaren aurkezpenarekin, eta 19:10ean hasita, 22 minutuko iraupena duen pelikula proiektatuko dute. Amaieran, filmaren ekoizpen prozesuaz eta Saharan bizi duten egoeraz hitzegiteko mahai ingurua irekiko dute. Bertan, pelikularen ekoizpenaz arduratu den Maluta Films taldeko partaideek eta Sahararen aldeko Hare Haizea elkarteko kideek parte hartuko dute, Goierri garaian bizi diren saharar batzuren laguntzarekin. Proiekzioaren antolaketan parte hartu duten Gaztetxeko kideak ere izango dira mahai inguruan.
Gazte sahararra
Haizearen egia Ekain Albite zumaiarrak zuzendutako film laburra da. Bertan, Tahar mutil gaztearen istorioa kontatzen du. Tahar, Euskal Herrian bizi den 20 urteko mutil sahararra da. Bere familia, aldiz,Tindufeko errefuxiatuen eremuan bizi da, eta handik dei bat jasoko du, aita hilzorian duela jakinarazteko. Saharar gaztea etxera itzuliko da eta musulmanen usadioari jarraituz hil berria den aitaren gorpua garbitzen ari den bitartean, iraganari, oroitzapenei eta kontraesanei aurre egin beharko dio.
Film labur hau Maluta* Films etxeak ekoiztu du, eta Zumaiako eta Zestoako udalen, Euskal Fondoaren, Darahli Elkartearen, Wadna Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du.
Legazpin ez ezik, Ataunen ere ikusi ahal izango da Haizearen egia, igandean 19:00etan, Herri Antzokian.
Elikagaiak, kamioia eta tresnak
Iazko martxotik Alacanteko portuan geldirik egon eta gero, Euskal Herritik bidalitako elkartasun karabana iritsi da kanpalekuetara. Elikagaiez gain, baratzeetarako erremintaz betetako kamioi txiki bat ere bidali dute.
Hare Haizea elkarteko ordezkariek jakinarazi dutenez, Sahararen aldeko Euskal Herriko elkartasun karabana iritsi da azkenik errefuxiatuen kanpalekuetara, eta hasi dira elikagaiak eta bestelako materiala banatzen. Karabana osatzen zuten kamioiak iazko martxotik geldirik egon dira Alacanteko portuan, Aljeriako mugak itxita zeudelako. Aljeriak elkartasun karabana igarotzeko ireki zituen mugak iazko urtearen erdi aldean, eta kamioian kanpalekuetara iritsi eta banaketa antolatu bezain pronto, arroza, pasta, lekaleak eta arrain kontserbak jasotzen hasi dira errefuxiatuak.
Erreminta bete kamioia
Piztu itxaropena leloaz lagunduta iazko otsailean abiatutako karabanak ia urte bete behar izan du, beraz, kanpalekuetara iristeko. Karabana horren barruan, baratzetarako erremintaz betetako kamioi bat ere bidali zen, Hare Haizearen bidez. Legazpiko Vesga fruta saltzaileek oparitutako kamioi txiki bat zen, eta Bellota enpresak emandako erremintaz beteta zihoan, aitzurrak eta palak horien artean.
Kamioia garraiorako erabiltzen hasi dira kanpalekuetan, baina erremintak gorde egin dituzte, Hare Haizeako ordezkariak bertara joan eta baratzeak dituztenen artean banatu arte. Osasun egoeragatik, eta Aljeriako mugak itxita daudelako, hilabeteak igaroko dira horretarako.