Trenbidearen ondoko malda egonkortzen ari da Adif Telleriarten
Trenbidearen ondoko lubeta egonkortzeko lanak egiten ari da Adif Telleriarten, Elorregi baserri inguruan.
Gipuzkoako beste hainbat puntutan bezala, trenbidearen ondoko lubeta egonkortzeko lanak egiten ari da Adif Telleriarten, Elorregi baserri inguruan. Lanen helburua lur jauziak saihestea eta tren instalazioen segurtasuna bermatzea da.
Gabon egunetan hasi ziren lanak, baina elurteen ondorioz gelditu egin behar izan zituzten. Elurra joandakoan, berriro ekin diote obrari, eta dagoeneko maldako zuhaixkak kenduta eta lurrak eusteko lehen jarduketak eginda dituzte. Beharrezkoa bada, harrizko blokez osatutako lubeta egingo dute.
Lan gehiago Gipuzkoan
Ez dira Telleriartekoak Adif-ek Madril-Hendaia tren linean Gipuzkoa barruan egingo dituen lan bakarrak, Gabiria eta Beasain arteko trenbide tarte batean ere ezponda konponduko duelako.
Legorretatik Tolosara bitartean, berriz, trenbidearen bi alboetako maldak egonkortzen jardungo dute tarte batean. Alegiako geralekuko ezponda ere konponduko dute.
Lanak gauez egingo dituzte, trenen zirkulazioan ahalik eta traba gutxien eragiteko.
900.000 euro
Azken lan horiekin, Espainiako trenbide sarea mantentzeaz eta kudeatzeaz arduratzen den Adif enpresa publikoak 900.000 euroko inbertsioa (BEZ barne) egingo du Renferen Madril-Hendaia lineako Gipuzkoako tartean.
Trenbide sarea hobetzeko plangintza orokorraren barruan kokatzen dira lanak, eta kanpoko eragile naturalen aurreko prebentzioa areagotzea, trenbide instalazioen fidagarritasuna indartzea eta trenen zirkulazioa arintzea dute ardatz.