Zumarraga itxita eta ostalaritzarik gabe, gune gorrira sartu ondoren
Herritarrek ezin dute Urretxura ere joan. Beasainek gorri jarraitzen du, eta Ordizia, Legazpi eta Urretxu, laranja. Murrizketa gehiago ekarriko ditu gaurko Labi-k.
Gaurko egunera aurreratutako Labi-ren bileran ezarri daitezkeen murrizketa berrien atarian, atzo eman zituzten jakitera 100.000 biztanleko 500 kutsatuen indizea gainditzeagatik eremu gorrira igaro diren udalerriak. Zerrenda horretara Zumarraga gehitu da, 539,69ko tasarekin. Ondorioz, gaurko 00:00etatik, inguruko herriekiko itxita dago eta ezin da ez sartu ez irten lanerako, ikasteko edo osasun zerbitzuetara joateko izan ezik. Halaber, ostalaritza itxita du eta eskola kirola eten egin dute.
Beasainek, bestalde, eremu gorrian jarraitzen du oraindik, 620,5 tasarekin, eta laranjan daude Legazpi 392,44ko tasareki, Ordizia 317,78rekin eta Urretxu 307,51rekin.
Urretxura ere ez
Zumarragaren kasua berezia da, Urretxurekin batera herrigune bakarra osatzen duelako. Zumarraga eremu gorrian dago, baina Urretxu ez, eta Mikel Serrano alkateak atzo azaldu zuenez, egoera horretan zer gertatuko zen argitzeko Osasun sailburuarekin jarri zen harremanetan, baina «ez zutela neurri berezirik hartuko» erantzun zion. Gainera, erantzukizuna udalei pasatu dietela esan zuen, baina «segurtasun neurriak betearaztea beraiei ere badagokie, eta bi herrien arteko zubiak zaindu ditzatela».
Beraz, herri batetik bestera lanera, ikastera edo osasun zerbitzuetara joateko bakarrik pasa daiteke, eta horren aurrean herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die alkateak. «Denok gure esku dagoen guztia egin behar dugu. Guztion ardura da gauzak ondo egitea».
Murrizketa berriak
Labi-k, bestalde, gaur du bilera 12:00etan, eta neurri murriztaile berriak hartuko dituela aurreikusten da, birusaren hedapena geldiarazteko. Espainiako osasun ministeritzak etxeratze ordua aurreratzeko aukera ezeztatu ondoren, udalerri guztiak perimetralki ixtea, 19:00etan dendak ixtea eta jarduera guztiak etetea eta gehienez lau pertsona elkartu ahal izatea izango dute mahai gainean.