Udal gobernu taldeari «epe motzeko ikuspegia» leporatu dio Legazpiko EH Bilduk
2021eko udal aurrekontuen balorazioa egin dute koalizio abertzaleko zinegotziek. Zor txikiagoa eta hainbat partiden birbanaketa proposatu zuten emendakinen bidez
Legazpiko Udaleko EH Bilduren taldekideek 2021eko udal aurrekontuen inguruan egindako lanketa azaldu dute. Euren kontrako botoekin abenduaren 29an onartu ziren, eta horien balorazioa ere egin dute Edurne Gonzalez, Ibon Altzelai, Maria Sarasola, Igor Romaratezabala eta Mariasun Ugarte zinegotziek.
2021eko aurrekontuen lanketa COVID-19ak sortutako «krisi sozial, ekonomiko eta ingurumenekoaren testuinguruan» kokatu dute EH Bildukoek, eta aurten inoiz baino gehiago «herri- tarrengana bideratuta» egon behar dutela nabarmendu dute.
Gobernu taldeak «lanketarik gabeko proposamen bat» eta «krisi honek gogorren jo dituen pertsonak eta kolektiboak alde batera uzten duena» aurkeztu izana salatu dute. Udalaren hurrengo 15 urteko egoera ekonomikoa baldintzatuko duen mailegua eskatu izana ere gaitsetsi dute, eta «proiektu estrategikoen falta eta epe motzeko ikuspegia» kritikatu dute.
Bi emendakin
Urrian hasi zuten EH Bildukoek aurrekontuen lanketa, eta auzoz auzo bilerak egin ondoren, premiak identifikatu eta lehentasunak ezarri zituzten, eta ekarpenak egin zizkioten gobernu taldeak azaroaren 13an aurkeztuta- ko aurrekontu proposamenari. «Krisiak gehien kolpatutako kolektiboei laguntzea» zuten helburu, eta diru sarreren jaitsierarengatik inbertsioak egiteko gaitasuna mugatuta zegoen tes- tuinguruan kokatuta zeuden.
Abenduaren 15ean, aldiz, proposamen berria aurkeztu zuen gobernu taldeak, eta bertan 893.000 euroko mailegua jasotzen zuten. EH Bilduko ordezkariek diotenez, ez daude zorpetzearen aurka, baina udala zorpetuz «inbertsio estrategikoak eta herriari orokorrean onura ekartzen diotenak» bakarrik egin behar direla uste dute.
Aurrekontu berri horiei bi emendakin egin zizkieten, hainbat partidatan «aurrezpenak» eta beste batzuetan «gehikuntzak» proposatuz lehena, eta zorra jaitsita bigarrena. Ez bata ez bestea, ez ziren onartu plenoan.
172.000 euroko aurrezpena
Lehenengo emendakinarekin 172.000 euroko aurrezpena proposatu zuten EH Bildukoek. «Partiden birbanaketa» planteatu zuten, «irizpide jakin batzuetan oinarrituta»: aurreko urteetako likidazio datuak, atzeratu daitezkeen gastuak eta inbertsioak, eta «bizi dugun egoeran beste modu batera erabili daitezkeen diru partidak».
Hala pertsonalen dietetan, erregai eta karburanteetan, publizitatean edo animalien kontrolerako gastuetan jaitsierak proposatu zituzten. Beste hainbat partida atzeratzea ere proposatu zuten, horien artean, argiteriaren inbertsioarena.
Eta dirua beste modu batera erabiltzea ere proposatu zuten lehen emendakin horretan. Kirolaren partida sartzen zen horien artean, zeinetan 29.000 euroko aurrezpena jasotzen zuten, kirol ekipamenduetarako 4.000 euro kenduta eta elkarteei emandako diru laguntzak 25.000 euro jaitsita. Horren ordez, «kirol orientazio zerbitzu bat martxan jartzea» proposatu zuten, 25.000 euroko ekarpenarekin. Beste partida batzuetan gehikuntzak ere jaso zituzten emendakinean, besteak beste 41.500 euro tokiko negozio txikientzako laguntza gisa, edo auzoetako mantentze lanak egiteko langileak kontratatzeko 35.200 euro.
Zorra txikitzea
Bigarren emendakinean zorra 454.000 eurora jaistea proposatu zuten. «Epe luzerako mailegu bat» eskatuta, aurten inbertsio batzuk egiteko aukera izango litzateke, Bikuña-eneako plaza konpontzea eta, «proiektu estrategikoa» delako, pentsioa erosteko falta diren 200.000 euroak ordaintzea, bestek beste. Inbertsio gehiago egiteko epe motzeko mailegu bat eskatzea ere proposatu zuten, eta gainerako inbertsioak 2022ra atzeratzea.