Zume gorriak Arkaka putzuan
Zaldibian baso habitatak berreskuratzeko proiektuak lantzen ari dira. Arkakako arrantza-eskola zegoen egituraren tokian bertako landare espeziak landatu dituzte

Zaldibian baso habitatak lehengoratzeko ekintzekin jarraitzen dute. Ondare naturalaren egoera mantentzea edo ahal den neurrian hobetzea da proiektuaren helburua. Honela, larunbat goizean, Arkaka aldeko Zentraleko putzuan iaztik hasita dauden lanei segida eman zieten.
Zume gorriak landatu zituzten urtegiaren inguruan arrantza-eskola eraiki zeneko egurrezko egiturak kendu ziren tokian, eremu hau lehengoratzeko helburuarekin. Garazi Auzmendiren esanetan, leku hezeetan ondo moldatzen den zuhaixka da zume gorria, eta urteko hainbat garaitan, urak hartuko duen eremua izango denez, uretan eta lehorrean ondo moldatzen dena.
Gune garrantzitsua
Bertako bioaniztasunari laguntzeko garrantzitsua izango da larunbatean egindako landaketak, «ekologikoki betetzen duen funtzioa mesedetuko» baitu. Izan ere, Arkakako zentral hidroelektrikoan turbinatzen den ura errekara isuri aurretik biltegiratzeko urtegia (Zentraleko putzua), egitura artifiziala izan arren, hainbat animalia taldeentzat oso garrantzitsua da.
Esate baterako, ibai karramarroak, anfibioak, saguzarrak… elikatzeko gunea da Arkakako putzua.
Proiektu gehiago
Zaldibiako Baso Habitatak lehengoratzeko proiektuak ekintza gehiago ere biltzen ditu 2021. urterako. Batetik, Ausa Gaztelu mendiaren magalean, zuhaitz exotikoak kendu eta pago mugarratuei leku egitea; eta bestetik, Igirua herri mendian, Kortsikako haltzaren ordez, lizarra,k astigarrak, zumarrak, ezkiak eta haritzak landatzea.