Legazpiko ordezkaritza izango du aurten Marokoko Panda Raid rallyak
Nagore Hidalgok, Iosu Santosek, Veronica Canterok eta Unai Aranburuk Panda Raid proba ezagunean parte hartuko dute, bi Seat Marbellarekin. Han banatzeko eskola materiala eramango dute
Maroko zeharkatuko duen Panda Raid rallyaren aurtengo edizioak bi legazpiar, Legazpin bizi den burgostar bat eta Etxarri Aranatzen bizi den altzotar bat izango ditu partaideen artean. Nagore Hidalgo (24 urte), Iosu Santos (34 urte), Veronica Cantero (33 urte) eta Unai Aranburu (37 urte) dira, hurrenez hurren, eta #los_del_panda taldea osatzen dute, Instagramen ireki duten kontuaren izen bera hartuta.
Emakumeak alde batetik eta gizonak bestetik, bi kotxetan parte hartuko dute. Bi Seat Marbella, erosi dituzte horretarako, 1995 eta 1998 urtekoak. Bat aurreko edizio batean ibilitakoa da, bestea egokitu egin behar dute.
Pandemiak eragozten ez badu, maiatzean egingo da ra-llya, baina egoitza Legazpin jarri duen talde hori prestaketa lanetan dago murgilduta dagoeneko.
Abentura kutsuko rallya
Rally eta kotxe munduak elkartu ditu lau abenturazale horiek, eta orain arte ez dira ibili horrelako espedizioetan. Nagore Hidalgo kopilotu lanetan ibilia da Jokin Madinaren ondoan hemen inguruko hainbat probatan, baina beste hirurak zaletu hutsak dira. Hidalgoren esanetan, Panda Raid probak duen «abentura kutsuak» erakarrita eman dute pausoa, eta horrelakoetan esperientzia falta ilusioak gailenduko duela uste du.
Ez da ilusioa proba gainditzeko alde izango duten bakarra, bi gizonezkoak adituak direlako ibilgailuen mekanikan. Gainera, rallyaren antolakuntzan lagun bat dute, eta horrek «babesa eta segurantzia» ematen dietela aitortzen du legazpiarrak.
Aurten, maiatzean
Panda Raid martxoan egiten da, eta Marokoko hegoaldea zeharkatzen du zazpi etapatan. Iaz ez zen egin pandemiarengatik, eta aurten atzeratu egin dute; maiatzaren 14tik 22ra egingo da.
Etapak Road book-a edo ibilbidearen mapa eta iparrotza besterik ezin dituzte erabili partaideek etapa horiek gainditzeko. Proba guztietan bezala, podiuma izango da amaieran, bain Hidalgok dioenez, #los_del_panda-koak ez doaz lehiatzera, «gure helburua abenturaz disfrutatzea da, ondo pasatzea». Beraz, gainerako pilotuak baino gehiago, pistak, hondar guneak eta basamortua izango dituzte aurkari.
Beste helburu bat ere badute. Panda Raid-en parte hartzeko ordaindutakoaren zati bat Marokon elkartasun proiektu bat laguntzera bideratzen du antolakuntzak. #los_del_panda-koak harago doaz, eta euren ekarpentxoa egingo dute zeharkatuko dituzten herrietan banatzeko eskola materiala eramanda.
Diru bilketa kanpaina
Baina abentura horrek koste bat du, kotxe eta bikote bakoitzeko 5.000 euro. Horretan laguntzeko diru bilketa kanpaina bat jarri dute martxan. Errifa bat antolatu dute,eta boletoak Hizkuntza liburu dendan eta Maiatza tabernan daude dalgai. Itsulapikoak ere jarri dituzte, Maiatzan bertan eta Gure Kabian, eta enpresaren batek laguntzen badie, logoa kotxean eramango dutela dio Hidalgok.