Txirbileko egurrezko lanek beteko dute kultur etxeko erakusketa aretoa
Datorren astelehenetik hilaren 19ra bitartean egongo dira ikusgai. Pandemiaren eraginez elkarteak bertan behera utzi ditu ikastaroak. Txirbilek 20 urte beteko ditu aurten.
Egurra izango da Legazpiko kultur etxean aurten ikusi ahal izango den bigarren erakusketaren gaia. Argizaiola sariketaren argazkiek egurra zizelkatuz egindako piezei egingo diete lekua, eta udalaren babesarekin lanean diharduten bi elkarteren arteko erreleboa gertatuko da: Ikatzatik, Txirbilera.
Txirbileko bazkideek egindako tailla lanen erakusketa astelehenean irekiko dute, eta hilaren 19ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era.
Artelan desberdin ugari
Erlojuak, kutxak, harmarriak, bastoiak, eguzki loreak, Gernika koadroaren kopiak… Txirbileko kideen gaitasunak ez du mugarik, eta era guztietako piezak zizelkatzen dituzte.
Elkarteko zuzendaritza taldean dauden Jone Martinez de Albenizek eta Nuria Matesanzek azaldu dutenez, aurtengo erakusketa berezia izango da, «normalean elkarteak antolatutako ikastaroetan egindako lanak jartzen dira ikusgai, baina aurten ezinezkoa da, iaz pandemiaren eraginez bakarra egin ahal izan genuelako. Aurtengoak bertan behera utzi ditugu». Horregatik, bazkideek bere kasara egindako lanak erakutsiko dira.
Eurenak ere izango dira erakusketan, baita Heliodoro Pazosenak ere. Pazos duela dozena bat urte hasi zen Txirbilekin lanean, etxeko ganbaran zuen txokotik elkartearen San Ignazioko lokalera aldatuta; taldearen babesak eta egurrezko tailan gehiago ikasteko aukerak bultzatu zuten aldaketa hori egitera, eta ez da damutu. Pieza ugari zizelkatu ditu ordutik, eta azken aldian, sukaldeko altzarien ateak birziklatu eta horiekin erlojuak egiten ari da.
Erakusketan Abelino Lopezen lanak ere ikusi ahal izango dira, bastoiak horien artean. Lopezek 13 urte daramazki Txirbilen. Probatzeko ikastaro bat egin zuen, eta gustatu zitzaionez, aurrera jarraitzea eta bazkide egitea erabaki zuen. Hala, elkarteko beste 28 bazkideek bezala, lokaleko giltza du, eta bertara nahi duen guztietan joan daiteke, azken hilabeteetan edukieraren murrizketak errespetatuta.
Txirbilek, 20 urte aurten
Uztailean 20 urte beteko dira Txirbil ekartea sortu zenetik. 2001eko data dute elkartearen estatutuak eta erregistro ofizialeko zigiluak.
Egurra lantzea eta zizelkatzea gustuko zuen talde txiki batek sortu zuen Txirbil. Aurretik ibiliak ziren zaletasun horren inguruko teknikak ikasten eta hobetzen Zumarragako ikastaroren batean, Jabier Arrieta irakasle zutela. Jarduera hura Legazpira ekarri zitekeela ikusita, udalarekin harremanetan jarri eta elkartea sortu zuten. Lehen egoitza Itxaropen auzoko hexagonoetan izan zuten, eta hiru urte egin ziztuzten han. Handik gaurko lokaletara pasa ziren, San Ignazioko eskola zaharretara.