Udalak 45.000 euro gastatu ditu urte hasierako bi elurteetan
Legazpiko Udalak urtarrileko elurteei aurre egiteko planak izandako kostuak zenbatu ditu. Baliabide propioak eta azpikontratatutakoak erabili dituzte
Urte hasierako bi elurte handiei aurre egiteko udalak aktibatu zuen planaren ondorioz, 45.226 euro gastatu zituen herriko kale eta auzoetan elurraren eragina minimizatzeko eta premiazko bideak eta zerbitzuak berrezartzeko. Udalak bere baliabide propioekin estali zuen egindako lanen kostuaren %59a, eta gainerako % 41a, kontratatutako enpresekin.
Hirigunea garbitzen 17 udal langile, bide garbiketako enpresako bi langile eta lorezaintza enpresako bost langile aritu ziren, eta horrez gain, elurra kentzeko bi makina kontratatu ziren.
Landa eremua garbitzeko, berriz, auzoz auzo udalak kontratatutako bost traktoreek jardun zuten lanean, 8.094,90 euroko kostuarekin.
Elurra kentzeko eta garbitzeko lanez gain, gatza ere bota zuen udalak izotza eta izoztutako elurra kentzeko, eta denera 29.500 kilo gatz erabili ziren. Horren kostua 1.566,95 eurokoa izan zen.