El Hierroko errekorra hausten saiatuko da Egea
Kanariar Uharteetako El Hierro irlako Maraton del Meridiano mendi lasterketa ezohikoa izango da aurten; bi gizonezko eta bi emakumezko, probako marka ontzen saiatuko dira.
Koronabirusa dela eta, Kanariar Uharteetako El Hierro irlako Maraton del Meridiano mendi lasterketa (42 kilometro eta 2.600 metroko desnibela) berezia izango da. Errekorraren jabeak, Stian Angermund (3:40:55) eta Azara Garcia de los Salmones (4:25:06) errekorra kendu nahi dieten Aritz Egea eta Maude Mathys-ekin lehiatuko dira.
Proba larunbat goizean izango da. El Hierro uhartea biosferaren erreserba da, Unescok hala izendatuta, eta lasterketan parte hartuko duten lau korrikalariek oso paisaia ezberdinak ikusiko dituzte ibilbidean zehar: sumendi-lurraldea, milaka urte dituzten baso itxiak, Sabinosa herri ederra…
Urretxuko korrikalariak larunbatean duen erronka ez da makala. Izan ere, Angermund norvegiarrak Maraton del Meridiano lasterketaren azken hiru edizioak irabazi ditu. Errekorra 2019ko edizioan egin zuen. Egeak, berriz, ez du sekula parte hartu El Hierroko lasterketan eta beraz ez du ibilbidea ezagutzen.
Igandean, 21:00etan, lasterketaren laburpena emango dute Maraton del Meridiano probaren sare sozialetan.