Lau herri gehituta, zazpi dira jada Goierrin ‘eremu gorrian’ direnak
Mutiloan, Ormaiztegin, Seguran eta Zerainen neurri murriztaile zorrotzagoak ezarriko dituzte gaurtik. Beasaingo osasuneremuak tasan 500eko muga gainditu du.
Barealdirik ez du izan asteak COVID-19aren kasuei dagokienez eskualdean. Azkeneko zazpi egunetan 205 positibo gehiago batu zaizkio Goierriko estatistikari. Intzidentzia metatu handia zuten zenbait herritan gainezka egin, eta gune gorrira igaro dira lau herri. Beasaingo osasun eremukoen kasua da hori. Asteartean gainditu zen barrutian 500eko tasa, eta atzo (herenegungo datuak) 529,66ra igo zen.
Zuzenean eragingo die zirkunstantzia horrek –eta azken zazpi egunetako bakoitzaren intzidentzia metatuak– osasun eremuko lau herriri. Osasun Sailak atzo erabaki zuen Mutiloan, Ormaiztegin, Seguran eta Zerainen neurri murriztaile zorrotzagoak ezartzea, gaurtik. Ostalaritza itxi beharko dute, taldeko kirol entrenamendurik ezingo da egin, eta Eskola Kirola eten beharko dute.
Bereziki nabaria da Segurako egoera. Gipuzkoan intzidentzia metatu handiena duen herria da, 2.609ko tasarekin; bi milatik gora igaro den bakarra. 30 positibo izan dira astebetean. Mutiloan eta Zerainen launa, eta Ormaiztegin zazpi atera dira, baina populazio txikia dutelako lehen biek, eta dagokien osasun eremua –Beasaingoa– 529ko tasarekin dagoelako, itxi beharko dute.
Horiez gain, Goierri garaiko hiru herri handiek ere eremu gorrian jarraitzen dute, Legazpik, Urretxuk eta Zumarragak.
Itsasondok eta Legorretak ere udalerriko intzidentzia tasa 500etik gorakoa daukate. Baina parte diren osasun eremuak oraingoz behetik daudenez, neurri zorrotzagoetatik libratu dira. Itsasondo Ordiziako eremukoa da (339ko tasa), eta Legorreta Alegiakoa (327koa). Astebetean bina kasu gehiago besterik ez dituzte izan, gainera.
Gailurra berdintzen
Datu orokorrek, aldiz, koronabirusaren eraginaren grafikoaren gailurra leuntzen ari dela esaten dute. Azkeneko asteko birsorkuntza tasa Gipuzkoan 1,01ean kokatu da (1,09an zegoen zazpi egun lehenago), eta EAEkoa 0,95ean (1,09tik jaitsita astebetean). Pertsona batek kutsatzen dituenen tasa adierazten du; 1etik behera dagoenean, zabalkundea atzerantz doala esan nahi du.
Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa ere jaisten hasi da, apurka. Baita ospitaleratutakoen guztizko kopurua ere. Kezkatzeko joerak ere badira, ordea. 0-18 urte arteko intzidentzia metatua gorantz egiten ari da. Hezkuntza sistemako 233 gela itxita zeuden herenegun, EAEko 129 zentrotan. Bestetik, ZIUan ingresatutako koronabirusdun gaixoen kopuruak ere goi-goian segitzen du.
Ostalarien protestak
Gipuzkoako Ostalaritza Aurrera plataformak deituta, elkarretaratzeak egin zituzten atzo iluntzean hainbat herritan. Zumarragan, Urretxun eta Legazpin 18:00etan elkartu ziren; Beasainen eta Ordizian, 20:00etan, establezimenduak itxitakoan. Bihar, berriz, Urretxun Gipuzkoako mailako manifestazioa egingo dute, 19:30ean, Gernikako Arbola plazatik. Erreskateak behar ditugu lelopean, laguntzak eskatuko dituzte.