Legazpiko Udalaren Klima 2030 estrategian jasotako ekintzen %27 beteta daude
Plangintzako 72 ekintzak ekonomia, ingurumena, gizartea eta gobernu arlokoak dira. Ekintzen %29 ez dira aplikatzen hasi oraindik. Garapen iraunkorrerako helburuetan txertatu dira
Garapen jasangarria helburu duen Legazpi Klima 2030 plangintzaren exekuzio mailari buruzko txostena aurkeztu zuten atzo udaletxean, arlo horren ardura daraman Maite Lonbide zinegotziak eta Inma Hernandez Ingurumen teknikariak. Plangintzan jasotako 72 ekintza zehatzetatik %27 bete direla jakinarazi zuten.
Nazio Batuek garapen iraunkorrerako 2015ean ezarri zituen 18 helburuekiko Legazpi zein egoeratan dagoen ere jasotzen du txostenak.
Dokumentua herritarren eskura dago legazpi.eus atarian.
Agenda 21, Klima 2030
Legazpiko Udalak aspaldian hartu zuen garapen iraunkorraren aldeko konpromisoa. Lehenik, udal kudeaketako arlo guztietan jasangarritasun irizpideak txertatzea eskatzen zuen Agenda 21 estrategia jarri zuen martxan. Aurrerago, 2017an, klima aldaketa eta garapen iraunkorra ardatz dituen Legazpi Klima 2030 estrategia diseinatu eta onartu zuen, eta horren barruan finkatutako ekintza plana aplikatzen hasi zen.
Ekonomia, ingurumena, gizartea eta gobernu arloa ukitzen dituzten 72 ekintza jasotzen ditu plan horrek. Aplikatzen hasi zenetik 2019aren amaierara arte, planaren %27 bete da, eta ekintza guztietatik %71 hasita, aurreratuta, ia bukatuta edo erabat bukatuta daude, eta gainerako %29 hasteko daude.
Ekintzak eta helburuak
Legazpi Klima 2030 plangintzan bildutako ekintza horietako bakoitza, Nazio Batuek ezarritako garapen iraunkorrerako 17 helburuekin ere lotu ditu udalak. Helburuetako batzuk gizarte arlokoak dira, beste batzuk ingurumenarekin lotuta daude, eta ekonomiarekin ere bai beste batzuk. Hizkuntza eta kultura aniztasuna era jasotzen du batek.
Ekintza gehienak lau helburutan biltzen dira: %15 hiri eta komunitate jasangarriak lortzeko helburuan,beste %15 klimaren aldeko jarduketan, %13 energia merkea eta ez kutsakorarren helburuan, eta %11 ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren helburuan.