Udalak 11.000 euro banatu ditu eskola materiala eta informatikorako laguntzetan
LH, DBH, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa ikasten seme-alabak dituzten 59 familia izan dira onuradurak. Kanpainaren inguruan 21.000 euro mobilizatu dira. Herrian 10.511,55 euro gastatu dira
Legazpiko Udalak 2020-21 ikasturtearen hasieran eskola materiala eta informatikoa erosteko banatu dituen diru laguntzen balorazioa egin dute hezkuntza alorreko Maite Lonbide zinegotziak eta Isa Sanz teknikariak. Diru laguntzen bigarren edizioa izan da, eta guztira 11.000 euro banatu ditu udalak 59 familien artean.
Diru laguntza horien helburua «Legazpiko familiei laguntzea da, teknologia berrietarako sarbidea errazteko eta ahal den neurrian COVID-19ak eragindako arrakala digitala murrizteko», balorazioa aurkeztean Lonbidek azaldu zuenez. Aldi berean, «herriko merkataritza laguntzea» ere badutela helburutzat aipatu zuen, «erosketak bertako dendetan egiteko eskatzean».
Bigarren urtez kaleratu dituzten diru laguntzekin herritar gehiagorengana iritsi nahi izan du udalak ikasturte honetan, eta horregatik, batxilergoko eta lanbide heziketako ikasleak eta kide ugariko familiak sartu dituzte onuradunen artean, eta ekipo infomatikoak gehitu dituzte diruz lagundu daitezkeen gaien zerrendara.
59 familia, 85 diru laguntza
Diru laguntza horietarako 20.000 euroko partida izendatu zuen udalak. LH, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloko ikasleei zuzenduta, irailaren 1etik urriaren 30era egindako erosketak hartu zituzten kontuan: herriko dendetan erositako eskola materiala, eta Gipuzkoako dendetan erositako ekipo informatikoak lagundu ziren diruz.
Guztira 63 familiek eskatu zituzten diru laguntzak, 109 ikaslerentzako. Eskerak, denera, 82 izan ziren: 36 eskola materialerako , bost ekipo informatikoetarako eta 22 bi ataletarako. Eskatzaileen artean 21 familia ugariak ziren, eta gainerako 42ak, familia arruntak.
Herriko 63 familien eskaera horietatik laurenak atzera bota zituzten, errenta gainditzeagatik edo udal zergetan egunean ez egoteagatik.
Gastuaren banaketa
Beraz, 59 familiek jaso dituzte azkenik diru laguntzak, 10.995 euro guztira, eta batez beste eskaera bakoitzeko 129 euro banatu ditu udalak.
Kanpaina honen inguruan 21.540 euro mobilizatu dira. Kopuru horretatik, 10.511 euro herrian bertan gastatu dituzte eskola materiala erosteko, besteak beste liburuak eta material suntsikorra eta ez suntsikorra, kirol arropa eta oinetakoak eta betaurrekoak.
Gainerako 11.031 euro material informatikoa erosteko erabili dituzte, Urretxu, Zumarraga, Ordizia, Arrasate eta Donostiako dendetan. Diru laguntza guztiak ordainduta daude dagoeneko. Ordainketak batez beste lau laneguneko epean egin ditu udalak, eskariaren aldeko ebazpena eman denetik zenbatuta.
Aurrera begira
Udalak diru laguntza horiekin jarraitzeko asmoa duela azaldu zuten zinegotziak eta teknikariak, baina hainbat hobekuntza eginda. Horietako bat, diruz lagunduko diren erosketak uztailetik urrira bitartean egindakoak izango dira hurrengo ikasturtean. Bestetik, herriko merkatariei tramiteak erraztuko zaizkie, eta eskaeren tramitazio elektronikoa bultzatuko dute.
Legazpin LH, DBH eta Batxilergoa ikasten 914 ikasle ari dira, eta diru laguntzekin «ahalik eta gehienengana» iritsi nahi du udalak hurrengo deialdian.













