Azoka, tokiko ekoizleak eta baserriko produktuak sustatzeko plana martxan
'Gipuzkoako azoken sarea' proiektuan murgildu da udala. Partaidetza prozesua abiatu du azokako eragileekin. Ostiralean elkarrizketak egingo dituzte ekoizle eta kontsumitzaileen artean
Legazpiko Udalak ostiraleko azoka indartu nahi du, tokiko ekoizleei babesa emanez eta baserriko produktuen kontsumoa sustatuz. Horretarako, Gipuzkoako azoken sarea proiektuan murgildu da. Atzo eman zuten proiektuaren berri Erik Galvez zinegotziak eta Goimen landa garapenerako elkarteko Ioritz Berrak, Ane Miren Agirrezabal udal teknikaria lagun zutela.
Berrak azaldu zuenez, landa garapenerako elkarteak batzen dituen Landaola federazioak, Eusko Jaurlaritzaren Elika Fundazioak, udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri dute martxan Gipuzkoako azoken sarea proiektua, «gure azoketan bertako eta kalitatezko produktuen salmenta indartzeko helburuarekin». Proiektuan 16 udalerrik hartzen dute parte, eta Goierritik, Legazpiz gain, Ordizia, Beasain eta Zumarraga ere elkartu dira azokak sustatzeko kanpaina honetara.
Helburu berarekin Landaolatik aurretik martxan jarritako ekimenak ere gogoratu zituen Berrak, besteak beste azpiegituren sorrera, komunikazio kanpainak, eta Bertatik Bertara bezalako kanpainak. Orain, COVID-19aren garaian bertako elikagaiek eta kontsumitzaileen zuzeneko hornikuntzan azokek hartu duten garrantzia ikusita, «oso momentu egokia da horrelako lanketa bat egiteko».
Partaidetza prozesua
Legazpin proiektua urte hasieran jarri dela martxan adierazi zuen Erik Galvezek, azoka osatzen duten eragileen partaidetzarekin. Herriko azokari buruzko «hausnarketa konpartitua egitea» da helburua Galvezen hitzetan, «azoka balioan jarri eta ereduari buruz eztabaidatzeko eta definizio bateratua lantzeko». Azoka «egonkortzea eta balioan jartzea» nahi dela aipatu zuen zinegotziak, «etorkizunean bizirauteaz gain, funtzionamendua egonkortu eta hobetzeko».
Prozesua aurrera eramateko talde eragile bat eta hausnarketa talde bat sortu dituztela ere jakinarazi zuen, eta horietan udaleko ordezkari teknikoa eta politikoaz gain, Goimeneko teknikaria, baserritarren eta ekoizleen lau-bost ordezkari, Kaleko Tabernarien Elkarteko, Ilintiko, Iratzarriko, Buztintegiko eta kontsumo taldeko ordezkari bana, eta Elhuyar ahokularitza enpresako bi kide elkartuko dira.
Informazio bilketarekin hasiko dira lanean, ostiral honetan bertan, baserritar ekoizleak eta kontsumitzaileak elkarrizketatuz. Prozesua amaitutakoan. «etorkizunerako erronkak eta ekintza plana» adostuko direla azaldu du Galvezek, eta hortik abiatuta,,Gipuzkoa osorako ikuspegi orokor bat landuko dute. «Guztion artean azoken etorkizuna bermatuko dugula ziur gaude».
Azokan zazpi ekoizle
Legazpin ostiraletan egiten da azoka, eta herriko eta inguruko zazpi ekoizlek hartzen dute parte bertan. Legazpikoak dira bi: Makatzako Ines Argarate, gazta, ogia eta bestelako produktuen ekoizlea, eta Udanako Maite Iturbe okina. Gabiriako Anttoni Murgiondok barazkiak saltzen ditu, Ezkioko Berroeta baserrikoek gazta eta ogia, Zumarragako Sagaspekoek ogia, eta Lazkaoko Agapito Garmendiak eta Azkoitiko Santa Kutz mintegikoek, landareak eta loreak.