Legazpiko sozialistek ostalaritzarako laguntza zuzenak eskatu dituzte
Legazpiko PSE-EEk COVID-19ak kaltetutako ostalariei laguntzeko ekimena aurkeztu du. San Inazio parkeko arkupea margotzeko ere eskatu dute.
COVID-19aren ondorio ekonomikoak jasan dituzten ostalaritza establezimenduentzako zuzeneko laguntzak proposatzen dituen ekimen bat aurkeztu du Legazpiko PSE-EEk udaletxean. Itxita egon zirenean aurre egin behar izan zituzten gastuak konpentsatzea izango litzateke laguntzen helburua. Sozialisten proposamena ostalaritzari dago zuzenduta, «baina horrek ez du esan nahi laguntza horiek beste sektore batzuetara ere hedatu ezin direnik»
Oscar Valbuena udal talde sozialistaren bozeramaileak azaldu duenez, «sektoreari laguntzea» da helburu nagusia, establezimenduak itxita egon diren aldiak eta ordutegi murrizketak direla eta. Proposatu dituzten laguntzak «beste erakunde batzuetatik datozen laguntzekin bateragarriak» izango lirateke, eta Gipuzkoako beste udal batzuetan onartutakoen antzekoak dira.
Pandemiarengatik «okerren pasatzen ari diren herriko jarduera ekonomikoei» elkartasuna ere adierazi die Valbuenak. Ostalaritzak «zeregin garrantzitsua du enplegua sortzeko, eta gure herria bizirik mantentzen du». Sektore «traktorea» dela dio, «ostalaritza irekita dagoenean merkataritza jardueratik tira egiten baitu», horregatik «lehentasuna izan beharko luke» ostalaritza eusten laguntzeak.
Biharko udalbatzan Legazpiko Ostalaritzak aurkeztutako mozioa babestuko duela ere aurreratu du Valbuenak.
San Inazioko arkuak
Sozialistek, bestetik, San Inazio parkeko arkupeak margotzeko eskatu zuen joan den astean bildutako Lurralde Batzordean.
Arkupe horien egoera ez dela ona eta, San Inazioko kale nagusia birmoldatzeko obra amaitu ondoren, eta parkeko pergolaren instalazioa egindakoan, margotu daitezela eskatu du.