Iker Velasco legazpiarra sarituta Zumaiako klarinete maratoiko laukote lehiaketan
Velascorekin batera, Doinua Musika Eskolako beste hiru ikaslek ere parte hartu zuten asteburuko topaketan: Izar Garmendia, Elene Muñoz eta Irati Izagirre.
Legazpiko Doinua Musika Eskolako Iker Velasco ikasleak saria jaso du Zumaiako klarinete maratoiaren barruan asteburuan egindako laukote lehiaketan, 13 eta 16 urte bitarteko Gaztetxola kategorian. Velascok beste musika eskoletako hiru ikaslerekin osatu zuen laukotea, baina Doinuako Izar Garmendiak, Elene Muñozek eta Irati Izagirrek ere parte hartu zuten Sapere Aude Sinfoniettak antolatutako klarinete topaketan. Bertan, besteak beste, Espainiako Orkestra Nazionaleko klarinete jotzailea den Carlos Casado entzutetsuarekin jotzeko aukera izan zuten.
Zumaiako XIX. Klarinete Maratoiaren bigarren fasea izan da asteburuan egin dutena. Pandemiagatik bi fasetan banatu behar izan dute edizio hau, eta lehena iazko azaroan egin zuten. Doinuakoek topaketaren lehen ediziotik parte hartu dute topaketa honetan. Aurten, Zumaiakoez eta Legazpikoez gain, Errenteria, Andoain eta Azpeitiko musika eskoletako ikasleak ere izan dira bertan.