Javier Gonzalezen pintura lanez beteko da kultur etxeko erakusketa aretoa
Bihartik martxoaren 18ra arte egongo dira ikusgai. Aurretik kultur etxean erakutsi ez dituen lanak dira. Formatu txikiko erretratua ari da lantzen azken aldian margolari legazpiarra
Legazpiko kultur etxeko aretoan bihartik aurrera Javier Gonzalez herritarraren margo lanak ikusgai izango dira. Iaz egin zuen erakusketa birtualaren ondoren, udazkenean erakusketa fisikoa egingo zuela agindu zuen margolari legazpiarrak, baina esku artean zituen lan batzuk bukatu nahi zituen aurretik. Hilabete batzuk beranduago bada ere, hemen da azkenik agindutakoa.
Bihar hasi eta martxoaren 18ra arte egongo da ikusgai erakusketa, astelehenetik ostiralera bitartean, 17:30etik 20:30era.
Hogeita hamahiru koadro
Javier Gonzalezek 33 koadro jarri ditu ikusgai. 17 urte zituenean era autodidaktikoan lantzen hasitako afizio baten laburbilduma eta erakusleihoa osatzen dute.
Horietako batzuk, Legazpiko kultur etxean aurretik erakutsi gabekoak dira, «aspaldi egindakoak dira eta beste erakusketa batzuetan erakutsi ditut, baina orain berrituta edo berriz landuta aurkezten ditut». Izan ere, margolari batek bere lanean eboluzio bat bilatzen duela dio, eta «lehen egindakoak agian ez dizu orain balio, eta horren gainean lanean jarraitu behar duzu». Multzo horretan kokatzen dira Bikuña jauregian duela urte batzuk burdinolei eta olagizonei eskainitako erakusketan aurkeztu zituen lan batzuk.
Beste multzo batean, «nire gustuko beste estilo batzuetan inspiratutako koadroak» daude, eraikuntza zaharrenak edo abandonuan daudenenak.
Bodegoiak, itsas pintura eta Legazpiko paisaia bukolikoak ere jaso ditu erakusketan, baita azken aldian egin dituen hainbat erretratu ere, formatu txikikoak. Azken horietan, «kolorearen tratamenduari garrantzia handia eman diot, eta beti gustatu izan zaidan estilo barrokora jo dut». Erretratua «zaila» dela dio, eta teknika orraztu nahian dabil. Bere ustez erretratuek erretratatuaren nortasuna adierazi behar dute, eta horretarako pose ona, konposizioa eta argia ezinbesteko osagaiak dira. Gehienetan, kolore urritasuna da ezaugarria. Aita eta iloba bat ditu erretratu horien artean, baita arreta deitzen duen Gioconda-ren kopia bat ere. Kopiak, hain zuzen, asko lantzen ditu, ikasteko oso baliagarriak direlako, kolorearen tratamendua, konposizioa… Giocondarekin batera, Neska perlarekin deituriko koadroaren kopia ere jarri du ikusgai.
Markoen garrantzia
Markoek ematen dieten dotoretasuna da Javier Gonzalezen koadroan beste ezaugarrietako bat. Mihisen edo kartoi berezien gainean margotzen du, olioa erabiltzen du beti, eta markoak ezinbestekotzat jotzen ditu. «Koadroa nabarmendu egiten du, eta erakusketetara beti markoztatuta eramaten ditut lanak, ikusleari begirunea adierazteko eta erakusten dudanari duintasuna emateko».
Iaz Kaiet anaiaren ekimenez egin zuen erakusketa birtuala kenduta, baziren zazpi urte Javier Gonzalezek bere obra erakusten ez zuela. Orain, aurrera begira jarrita dago, eta erretratuen lanketa du gertuko proiektuen artean.