Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Legazpiri oparitutako intxaurrondoa non landatu erabakiko dute ikasleek
Azaroan Latxartegin egin zuten ikuskizunean oparitu zioten zuhaitza herriari; ikasleek lau kokapenen artean aukeratu behar dute, eta parte hartzen dutenen artean pailazoen azken lanak zozkatuko dira.
Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek azaroan Latxartegi aretoan egin zuten ikuskizunaren amaieran Legazpiri oparitu zioten intxaurrondoa non landatu, ikuskizunean izan ziren ikasleen artean aukeratuko dute. Udalak partaidetza prozesu bat jarri du martxan, eta martxoaren 1a da herriko gaztetxoek euren iritzia emateko azken eguna.
Lau aukera eman dizkie udalak ikasleei: Mirandaola parkea, Kultur Etxe inguruko berdeguneak, Santikutz Egoitzako lorategia eta Urtatza Zahar parkea. Aukeraketa prozesuan Domingo Agirre eskolako HH-4, HH-5, LH-1 eta LH-2ko ikasleek eta Haztegi ikastolako HH-4, HH-5 eta LH-1eko ikasleek parte hartuko dute. Martxoaren 1era arteko epea dute, eta bozketan parte hartzen dutenek pailazoen Amaren intxaurrak azken lanaren lau ipuinen eta diskoren zozketan sartuko dira.
Udalak datorren astean zehar emango du hautaketa prozesuaren emaitza, eta intxaurrondoa landatzeko eguna ere zehaztuko du.
Euskal pailazoek oparitutako intxaurrondoa landatuta, “herrian leku bat izango dugu joan zaizkigun lagun txiki eta handiak oroitzeko eta haiekin izandako bizipenak gogoratzeko”.